ERMUA. Martxoaren 14an Alarma Estatua ezarri zenetik, pertsona, erakunde eta enpresa ia guztiek egoera berri eta ezezagun batera moldatu behar izan dira. Pertsonen arteko kontaktu fisikoa ekiditeko, hainbat eta hainbat langilek euren etxeetatik dihardute lanean. Ermuko Udalbatzaren kasua da, zeina egun horretatik telematikoki darrai, egin beharreko bilera guztiak modu digitalean izanda.

Hala, pasatu den apirilaren 7an, asteartea, agintaldi honetako Gai Orokorren eta Osoko Bilkurak aztertu beharrekoen lehenengo Informazio Batzorde telematikoa egin zen. Udalbatzako kideak, udal-idazkaria eta erakundeko arlo-zuzendariak bideokonferentzia bidez bildu ziren hainbat gai jorratzeko, hala nola, herrian egiten ari diren lanak, Zaldibarko zabortegian egiten ari diren jardueren nondik norakoak edo Alarma Estatuko aste hauetako udal-zerbitzuen kudeaketa.

Juan Carlos Abascal alkateak eskerrak eman nahi izan zizkien Udalbatzako zinegotziei horrelako bilera digitalak egiteko erakutsitako prestutasunagatik, eta azpimarratu duenez, “egoera paregabea bizitzen ari garen arren, Udalaren jarduerak aurrera jarraitzen du eta erabakiak hartzen jarraitu beharko dugu”. Hala, alkateak dagoeneko aurreratu du, Alarmako Estatua luzatzen ari dela ikusita, ziurrenik Osoko Bilkuraren bat egin beharko dela bide telematikoak erabiliz.

Azken hamarkadan teknologia berrietan eta informatikan egindako inbertsioei esker, Ermuko Udala modu telematikoan lanean jarraitzeko gai da. Izan ere, erakundearen sistema informatikoak telelana egiteko aukera ematen du, eta langileek beren dokumentu eta aplikazioetara sartzeko aukera dute etxetik, lanpostuan baleude bezala lan egin ahal izateko. Gainera, banda ultra zabaleko zuntz optikoko udal-sareari esker, Interneterako konexio azkarra eskaintzen da udalerri osoan.