ERMUA. Konfinamendu garai honetan, badira hainbat ume etxetik eskolak jaso ezin izan dituztenak, bai ordenagailua bai Interneterako konexioa ez daukatelako. Hori ekiditzeko, Ermuko Udalak Internetarako sarbidea jarriko du konexiorik ez duten herriko haur eta gazteen etxeetan.

Modu horretara, inor ez dela desparekotasun-egoeran egongo bermatzen da udalerrian eskolatutako gainerako adingabeen aldean, 2019/2020 ikasturteko azken hiruhilekoari aurre egiteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakaskuntza-jarduerarekin %100ean online jarraitzea erabaki du.

Udaleko Gizarte Zerbitzuak arduratzen dira euren etxeetan Interneterako konexiorik ez duten familien zerrenda zehazteaz. Zerrenda hori zerbitzuak duen premia-diagnostikoetatik ateratzen da kasu batzuetan, eta beste batzuetan, aldiz, herriko ikastetxeekin lankidetzan.

Ikastetxeek lasaitasunez jaso dute Udalak proposatutako irtenbidea; izan ere, kasu askotan, fitxak eta bestelako materialak paperean entregatzen ari ziren, etxe batzuetan Interneterako konexiorik ez zutenez, egoerari ahal den moduan aurre egiteko eta inor atzean ez uzteko. Gainera, ikastetxeren batek hala eskatu duenean, Gizarte Zerbitzuek eta Udaltzaingoak irakaskuntzako dokumentazioa zuzenean entregatu dute ikasleen etxeetan.

Ekimen honekin 35 familiari eskaini zaie laguntza orain artean, eta konexio arazoak konpondu zaizkien adingabeen kopurua are handiagoa da, kasu gehienetan ikasle bat baino gehiago baitago etxe bakoitzean.

Neurri hori ikastetxeek jarritako baliabideen osagarria da; izan ere, zentro bakoitzak ahal duten neurrian, behar handiena duten haurrei tableta eta ordenagailuak maileguan eskaini dizkiete.

Hori guztia posible da Ermuko Udalaren zuntz optikoko sare neutroari esker, aurreko hamarkadan udalerri osoan zabaldu zena, eta azpiegitura horiek erabiltzen dituen eta laguntza eskaini duen Esanline enpresaren lankidetzari esker.