'Hansel eta Gretel' gaur izango da ikusgai euskaraz Ermua Antzokian arratsaldeko 17:00etan. Egokitzapenak 5 urtetik gorako pertsonei gomendatzen zaie, eta 50 minutu inguruko iraupena du. Sarrerak 3 eurotan daude salgai .

Badira urteak norbaitek munduko errezeta liburu guztiak desagertarazi zituela, eta orain inork ez du gogoratzen nola prestatzen den janaria. Ordutik hirian zabaldu diren milaka Amonioburguer jatetxeetako hanburgesak soilik jaten ditu jendeak.

Juan Mari sukaldari ezaguna zen, eta jatetxea beti leporaino beteta izaten zuen, baina bere errezeta liburua desagertu zenetik, ospea eta bezeroak galdu ditu. Dituen zorrak ordaintzen ez baditu, bankuak lokala kenduko dio. Bien bitartean, Hansel eta Gretel seme-alabek bankuarekin hitz egitera joatea erabakiko dute. Horretarako basoa zeharkatu beharko dute. Lagun batekin apustu egingo dute basoan barneratzeko gai direla erakusteko eta bertan gertatzen direla esaten diren gauza guztiak gezurra direla frogatzeko. Kondairak dioenez, karameluzko sagarrak ematen dituen zuhaitz bat dago, eta sagar horietako bat probatzen duena ez da inoiz etxera bueltatuko.

Anai-arrebak basoan galtzen dira, eta txori batek gidatzen ditu. Hala, karameluzko sagarrak ematen dituen zuhaitzeraino iristen dira. Biak, goseak hilik, sagarrari hozka hasiko dira, eta lurrak irensten ditu€

Hansel eta Gretel Grimm anaiek 1812an jasotako alemaniar ipuin ospetsuaren egokitzapena da. Anartz Zuazuak zuzendutako bertsio honek Kepa Errasti, Libe Aranburu eta Asier Oruesagasti aktoreak ditu protagonista, eta euskara hutsean garatzen da. 5 urtetik gorako pertsonei gomendatzen zaie, eta 50 minutu inguruko iraupena du.

Obra gaur taularatuko da 17:00etan Ermua Antzokian. Sarrerak 3 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.