BILBO. '1917' filma datorren larunbatean eta igandean eskainiko da Ermuko Antzokian. Larunbateko emanaldia gaueko 22:00etan eta igandekoa arratsaldeko 19:30tan. Sarreraren prezioa 4,85 eurokoa izango da.

Zine aste berria hastear da Ermua Antzokian, gustu guztietarako lau filmekin. Programazioa ostegun honetan, hilak 20, hasiko da Dios es mujer y se llama Petrunya film mazedoniarraren eskutik. Teona Mitevska zuzendariaren drama honetan, Mazedoniako herri txiki batean urtero urtarrilean burutzen den jaialdi bat izango dugu ikusgai. Bertan, elizako maila handieneko apaiz batek gurutze bat botatzen du uretara, eta gizon talde bat horren bila abiatzen da.

Esaten denez, gurutzea topatzen duenak bizitzan zorte ona eta oparotasuna izango ditu betirako. Aurtengoan, ordea, Petrunya emakumeak aurkitu du objektua. Kode moral eta sozial zaharretan oinarritutako gizartean bizi denez, gizonak haserretu egingo dira jazotakoarekin. Nola da posible emakume baten eurek egiten duten berdina egitea, eta arrakasta lortzea? Filma ostegunean 20:30ean emitituko da jatorrizko bertsioan azpititulatuta.

Zine komertzialeko lehenengo saioa larunbatean izango da, 19:30ean, Te quiero, imbecil pelikularen eskutik. Laura Maña zuzendariaren amodiozko komedia honek Quim Gutierrez eta Natalia Tena aktoreak ditu protagonista. Marcos utzi egin du neskalagunak, elkarrekin ezkontzeko eskatu behar zionean. Gainera, lanetik bota dute eta gurasoekin bizitzera joan behar izan du berriro. Bere bizitza hankaz gora du bat-batean, sekulako desastrea da. Marcosek bere burua eraldatu eta arrakasta lortu nahi du, baina ez daki nondik hasi. Horregatik, dena dagoen lekura joaten da: Internetera. Youtuber baten aholkuak jarraitzen dituen bitartean, ikastetxeko lagun batekin, nagusi berri batekin, bikotekide ohiarekin, lagun oso biziekin eta zalantza existentzial ugarirekin egingo du topo. Te quiero, imbecil igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere eskainiko da.

Asteburuko bigarren film komertziala Sam Mendesen azkeneko superprodukzioa izango da: 1917. George MacKay eta Dean-Charles Chapman aktore gazteak dira protagonista, eta beste hainbat aurpegi ezagun dituzte inguruan, hala nola, Mark Strong, Richard Madden, Benedict Cumberbatch eta Colin Firth. Lehen Mundu Gerrako atalik gordinenean, Schofield eta Blake soldadu britainiar gazteek ezinezkoa dirudien misioa jasoko dute. Denboraren aurkako lasterketan, arerioen lurraldea zeharkatu beharko dute ehunka soldaduren aurkako eraso hilkorra ekidingo duen mezua entregatzeko. Tartean izango da, gainera, Blakeren anaia. Plano sekuentzien bitartez grabatutako gerrako drama hau larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Haurrentzako programazioari dagokionez, igandean 17:00etan Lur eta Amets: Euskal Herriaren historia euskarazko filma eskainiko da. Lur eta Ametsen gurasoek ezkontza dute asteburu honetan eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, eta garai eta sasoi desberdinetan abentura gazi-gozoak biziz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izango dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti atzetik izango dituzte.