ERMUA. Ermuko Lobiano Kultur Guneak gau berezi bat biziko du bihar, otsailak 15, larunbata. Bertan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, The Allnighters izeneko boskote gasteiztarrak kontzertu bat eskainiko du, Bizkaiko jazz eta blues zirkuituaren barruan. Taldea ezaguna da zuzenean duten indarragatik, ikusleak lehenengo minututik gozaraziz. Nahiz eta 2016. urtetik diska berririk atera ez duten, sasoi-sasoian daude. Ermuko Lobiano Kultur Gunea hankaz gora jarriko dute.

The Allnighters bost mutilen istorioa da, guztiak obsesio berberarekin: rhythm and bluesa. Gasteizen hasi zen guztia 1988ko uda beroan. Hutsetik abiatuta eta lana eta kemena oinarri hartuta, 90eko hamarkadan erreferentziazko banda bihurtu ziren penintsulako musika beltzari dagokionez.

Bere zuzeneko indartsuek hartu duten ospea dela eta, milaka kilometro egin eta eszenatokiak partekatu dituzte Wilko Johnson, Nine Below Zero, Lazy Lester edo Eli Paperboy Reed bezalako musikariekin, baita hainbat estilotako taldeekin ere. Kontzertu bakoitza benetako festa da, etxeko markarekin: Soulful Rhythm & Blues.

Estudioko azken diskoak, Everything is changing (2016), taldearen eragin guztiak biltzen ditu: 50eko hamarkadako boogie harmonikoa, 70eko hamarkadaren amaierako pub-rocka, 60ko hamarkadako soula eta rhythm and blues dibertigarriena.

Ikusleek The Allnighters talde gasteitarraz gozatu ahal izango dute Ermuko Lobiano Kultur Gunean larunbat honetan. Sarrerak 10 euroan daude salgai instalazioan bertan, BBKren orotariko kutxazainetan eta Kutxabanken webgunean.