BILBO. Ermuko udalak Jabekuntza Eskolako ikastaroen programa aurkeztu du. Ikastaro, tailerrak eta topaketak izango dira otsailetik ekainera. Programaren helburua parte hartzen duten emakumeen jabekuntza indartzea da.

Programa honetan lantzen diren formakuntza lerro nagusiak komunikazioa, feminismoa, identitate eta subjektibitate feminista, osasuna eta parte-hartzea dira.

Seihileko honetako egitaraua bi ataletan banatuta dago: batetik, Jabekuntza Eskolako zortzi ikastaroak eta epe horretarako aurreikusita dauden bi irteera kulturalekin lotutako bi hitzaldi ditugu; eta bestetik, Topaketa izeneko bigarren blokea, ikuspuntu feministatik kontsumo arduratsu eta osasungarrian, ekologian, bidezko merkataritzan eta finantza etikoetan espezializatutako jarduerak eskaintzen dituena. Azken atal horren barnean, lau ikastaro eta tokiko proiektu agroekologikoak ezagutzeko irteera kulturala burutuko dira.

Jarduera gehienak Emakumeen Topalekuan izango dira, eta interesdun pertsonek bertara jo beharko dute egitarauko edozein ekintzetan parte hartzeko izen-ematea betetzera. Lerro hauen ostean uzten dizuegu egitarau osoa.

Jabekuntza Eskolako ikastaroen programa osoa

Formakuntza tailerrak

Jabekuntza Eskolako lehenengo bi ikastaroak otsaileko lehenengo hamabostaldian hasiko dira.

Lehenengoa txirigota tailer dibertigarria izango da. Bertan, garrantzitsuena kontatzen dena izango da, eta ez nola kantatzen den. Beraz, kantatzen ez dakizula uste baduzu ere, animatu zaitez Monica Nuñezek eskainiko duen ikastaro honetan parte hartzera. Haren hitzetan, "elkarrekin eta euripean inauteriak alaitzeko abestuko dugu, Euskadiz eta ole! doinuko txirigota feminista honetan". Jarduera doakoa da, eta otsailaren 6an eta 20an izango da, 17:00etatik 19:00etara.

Urteko bigarren ikastaroa Zientzia bazterretik izango da, otsailaren 10etik martxoaren 2ra. Emakumeok betidanik egin dugu zientzia, eta hau esatea erraza den arren, asimilatzeko zaila izan ohi da. Izan ere, gizarteak kontrakoa sinestarazi nahi izan digu beti. Tailer honetan, zientziaren arloan emakume eta gizonen artean dauden desberdintasun nagusiak agerian utziko dira eta, era berean, gaur egungo begirada androzentrikoa ezabatzea helburu duten proposamen feministak ezagutuko dira, bizitzak erdigunean jarriz. Sorkin elkartean zuzenduko du 8 orduko tailer hau, eta astelehenero 18:00etatik 20:00etara garatuko da otsailaren 10etik martxoaren 2ra bitartean. Matrikularen prezioa 5 eurokoa da.

Topaketa espezializatuak

Gai ezberdinetako jarduera espezializatuak batzen dituen Topaketa blokearen barnean, lehenengo ekitaldia otsailaren 7an, ostirala, izango da, Maitasun erromantikoa, San Balentin eta kontsumismoa izenburupean. Irantzu Varela militante feminista ezagunak maitasuna marketing estrategia gisa nola erabiltzen den aztertuko du, eta maitatzeko modu ezberdinetan sakonduko du. Hitzaldia 18:00etan hasiko da Lobiano Kultur Gunean, eta sarrera doakoa da.

Egun batzuk geroago, otsailaren 13an, osteguna, Kontsumoko greba feministarantz, martxoan eta beti topaketa egingo da Emakumeen Topalekuan. Bertan, greba feministaren barnean kontsumo ardatza zergatik dagoen eta, datorren martxoaren 8an - eta urte osoan zehar - erosketak egitera ez joateaz gain zer gehiago egin daitekeen azalduko da. Tailer horretan gai horien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da, eta ekintza indibidualeko eta kolektiboko proposamenak elkarrekin sortu ahalko dira. Ekologistak martxan eta Setem elkarteek gidatuko dute topaketa 18:00etatik 19:30era.

Gogorarazten dizuegu ekainera arteko ikastaro eta jarduera guztiak Ermuko Udaleko Berdintasun Alorrak kaleratutako programa osoan ikusi ditzakezuela.