BILBO. Verdiren Rigoletto operaren emisioak emango dio hasiera egitarauari datorren irailaren 20an, ostirala. Horrela, urte amaierara bitartean, 10 musika emanaldi, 10 antzezlan eta bertsolari jaialdi bat izango ditugu gozagarri.

Nuria Espert aktore ezaguna izango da denboraldiko protagonista nagusia. Federico Garcia Lorcaren Romancero gitano lana antzeztuko du datorren abenduaren 20an. Horretaz gain, antzerkiari dagokionez, El Monaguilloren bakarrizketa eta Yllanaren The Opera Locos musikala izango ditugu Ermua Antzokian. Azken horrek musika ikuskizun onenaren Max saria eskuratu du.

Kontzertuei dagokienez, Sole Gimenez, Rayden, Nøgen eta Travellin’ Brothers artistak izango ditugu geurean, besteak beste, eta popa, musika klasikoa, flamenkoa, bluesa, hip hopa eta folka bezalako estilo ezberdinak entzun ahalko ditugu.

Antolatutako 21 ikuskizunetatik, 6 euskaraz izango dira, 7 gazteleraz eta 8 beste hizkuntzetan edo testurik gabe. Jatorriari begira, konpainia edo antzezle euskaldunek 12 ekimen aurkeztuko dituzte, Estatuko artistek 7 eta nazioartekoek 2.

Ikuskizun guztietarako sarrerak asteazkenetik aurrera, irailak 11, izango dira salgai. Lobiano Kultur Gunean (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara) edota Kutxabanken webgunean eskuratu ahalko dira txartelak.

2019ko iraila-abendua denboraldiko egitarauaren aurrekontua 83.140 eurokoa da.

Ermua Antzokiko programazioa Ermuko Udalak bultzatzen duen kultur politikaren barne kokatzen da; bertan, kulturaren promozioaren aldeko lana argi islatzen da. “Udalak egitarau anitza eta orekatua antolatzeko lan egiten du, hiritarren gustu eta nahi ezberdinei erantzun ahal izateko kalitatezko eduki erakargarriekin”, azaldu du Beatriz Gamizek.