Bilbao Bizkaia Design Week 2021 (BBDW) ekimenak ostegun honetan itxi du bere zazpigarren edizioa arrakastarekin. Azaroaren 18tik 25era bitartean 176 hizlari eta 6.700 parte hartzaile egon dira diseinuaren aste horretan. Baina itxiera emateko ekitaldiak izan ditu Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, eta Olatz Goitia, BEAZeko zuzendari nagusia.

“Bidegurutzeak eta trantsizioak” izenburupean, jarduerez betetako aste honetan errealitate berrietarako trantsizioaren inguruko hausnarketa sustatu da, bizi dugun testuinguru aldakorrari lotutakoa, non aldaketa klimatikoak, osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiak, biztanleriaren zahartzeak, aurrerapen teknologikoek eta eraldaketa digitalak beharrezko egiten duten erronka horiei modu sortzaileagoan eta eraginkorragoan helduko dieten lanbide-diziplinak gurutzatzea eta hibridatzea.

Testuinguru horretan, 61 jarduera egin dira, 176 hizlari eta 6.700 parte hartzaile egon dira eta Interneteko oihartzunari dagokionez, 325.000 interakzio izan dira sare sozialetan, 27.800 sarrera webgunean eta 1.600 aipamen baino gehiago #BBDW21 traolarekin.

Edizio honetan, gainera, Kaunaseko (Lituania) ordezkariek ere parte hartu dute, Bilbao Bizkaia Design Week 2021eko hiri gonbidatua izan baita, 2022ko Europako Kultur Hiriburu gisa, eta, salbuespen gisa, UNESCOren hiri sortzaileetako kideek ere parte hartu dute, Bilbon III. Estatu Topaketa egin baita:, Burgos, Denia, Lliria, Sevilla, Granada, Tarrasa eta Valladolid.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi helburu nagusi betetzeko antolatu dute Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW) ekitaldia: alde batetik, diseinua sustatzea jarduera ekonomikoa nahiz enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna daukan sektore gisa, eta, bestetik, lurraldeko sormen-industriek daukaten balioa agerraraztea. Guztira, 5.943 enpresa inguru dira eta 20.260 profesionali ematen diete lana Bilbon nahiz Bizkaian. Azken hamarkadan etengabe hazi den sektorea da. Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean %0,1ekoa izan da, eta esparru honetan enplegua %1,3 hazi da. Sormen-sektoreko enpresak Bizkaiko enpresa guztien %6,5 dira, eta lurraldeko enpleguaren %4,4 hartzen dute.

Erakundeen arteko proiektu bat da Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW), eta hirian zein lurraldean errotuta dago; bidenabar, diseinu eta sormen-industrietako 300 enpresa eta profesional baino gehiagok hartzen dute parte. Ekimen honek, gainera, unibertsitateen eta diseinuko goi-mailako prestakuntza-eskolen laguntza du: Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, IED Kunsthal, IDarte eta Digipen.

KONPROMISOA SEKTOREAREKIN

Lankidetza publiko-pribatuak programatutako ekimenen antolakuntza eta aniztasuna ahalbidetzen ditu. Bilbok eta Bizkaiak bat egiten dute apustu estrategikoan, etorkizunera eta sormen industrietatik eratorritako negozio aukeretara lotutakoa; erronka nagusia enpresa sare indartsu eta lehiakorra garatzea sustatzea da.

Bilbao Bizkaia Design Week egitasmoak konpromiso hori irudikatzen du; ekimenean, gainera, 46 erakunde zein enpresa pribatu, unibertsitate, elkarte nahiz kluster eta elkargo profesional baino gehiago egongo dira, proposamen propioak plazaratuz edo jarduera bateratuak babestuz.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao Bizkaia Design Council (BiDC) izeneko ekimenak funtsezko egitekoa du diseinuaren ekosistema guztiaren inplikazioan, eta munduko hirurogei hiri baino gehiagotan urtero egiten den Diseinuaren Astearen arrakastaren eragile nagusia da.