Bilboko Udalak Glasso Agentziaren 'Kaletarrak' proiektua sustatzen du, uriko kale-izendegian gaur egun dauden 28 emakumeak protagonista izanda, #BilbaoAurrera Planaren bitartez.

Horrela, bada, abenduaren 16ra arte, kale horietako bakoitzean totem bat egongo da, bi QR koderekin. Horien bitartez, euskarazko eta gaztelaniazko podcast bat entzun ahalko da, «Kaletarrak»en Ivoox eta Spotify kanaletan, kaleari izena ematen dion emakumearen istorioari buruz. Totemean, QR kodeaz gain, dagokion emakumearen argazkia egongo da, eta gainerako kaleen zerrenda, barrutika.

Podcastetan uztartu egingo dira off ahots batek egindako narrazioa eta emakume bakoitzaren istorioa eta haren lanean aditua den pertsona bati egindako elkarrizketa. Batzuetan, narrazioak emakumeen biografoek egingo dituzte. Beste batzuetan, emakume protagonistaren garaian adituak diren pertsonak arituko dira, edo, agian, bere senitartekoak.

Proposamenaren helburua da uriaren historia kontatzea emakume-izena duten 28 kale horien protagonisten bitartez, eta, bidez batez, tokiko kultura sustatzea.

KALEEN ZERRENDA

Kaleez gain, lorategiak, parkeak, pasealekuak, plazak, kaiak, estratak eta plazatxoak ere badaude. Bitxikeria bat: Bilboko kale-izendegian 26 emakume-izen daude, baina, guztira, 28 kale izendatzen dituzte, bina kale dituzten emakume bi daudelako. Izan ere, Casilda Iturrizar parkea eta Epaltza alargunaren kalea emakume berari dagozkio biak: Casilda Iturrizar Tomás Epaltzaren alargunari; eta Anselma de Salcesen izenean kalea eta estrata daude.

Hona hemen emakume-izena duten uriko bazterren zerrenda (izena, barrutia eta berauek kale-izendegian sartzea erabaki zen osoko bilkuraren urtea adierazita):

  • Benita Asas kalea. Deustu. 2016
  • Santa María Josefa Sancho de Guerra kalea. Deustu. 2000
  • Rafaela Ybarra kalea. Deustu. 1943
  • Yolanda González plazatxoa. Deustu. 2016
  • Anselma de Salces kalea. Uribarri. 1943
  • Anselma de Salces estrata. Uribarri. 1940
  • Lucía Yarza pasealekua. Uribarri. 2020
  • Eulalia Abaitua kalea. Otxarkoaga/Txurdinaga. 2010
  • Angela Arregui plaza. Otxarkoaga/Txurdinaga. 2009
  • Leah Manning lorategia. Otxarkoaga/Txurdinaga. 2002
  • Maria Aguirre-Aguirre kalea. Begoña. 1971
  • Felipa de Zuricalday kalea. Begoña. 1958
  • Emakumeen azaroaren 25eko plaza. Ibaiondo. 2012
  • Epaltza alargunaren kalea. Ibaiondo. 1900
  • Ángela Figuera kalea. Ibaiondo. 2000
  • Julita Berrojalbiz kalea. Ibaiondo. 2016
  • María Muñoz kalea. Ibaiondo. 1900
  • María Díaz de Haro kalea. Abando. 1920
  • Estitxu pasealekua. Abando. 2018
  • Casilda Iturrizar parkea. Abando. 1945
  • Filomena Baldezate kalea. Errekalde. 1983
  • Dolores Ibarruri kalea. Errekalde. 1997
  • Margarita López de Maturana Dohatsuaren kalea. Errekalde. 2006
  • Matilde Orbegozo kalea. Errekalde. 2006.
  • María Victoria Uribe Laso kalea. Errekalde. 2002
  • Alazne López Etxebarria lorategia. Basurtu/Zorrotza. 2016
  • Clara Campoamor kalea. Basurtu/Zorrotza. 2016
  • Zirgariak kaia. Basurtu/Zorrotza. 2016

#BILBAOAURRERA PLANA

Bilbao Aurrera 2021 Plana, berez, joan den urtean pandemia hasi zenean sustatutako «Bilbao Aurrera 2020» Planaren jarraipena da, eta COVID-19aren osasun-krisiak uriko pertsonengan eta enpresetan izandako ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berrindartzeko helburua du.

Iazko maiatzean udal ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek adostutako #BilbaoAurrera2020 planak izandako harrera onaren ondoren, Udalak aparteko plan berri bat jarri du abian: #BilbaoAurrera2021. Plan hori azken hilabeteetan egindako lanaren jarraipena da, eta 15,1 milioi euroko aurrekontua jartzen du mahai gainean, gizarte-kohesioaren, kulturaren, ekonomiaren eta enpleguaren arloko 43 neurri zehatz aurrera ateratzeko.