Juan Mari Aburto Bilboko alkatea Bahk Sahnghoon Hego Koreako enbaxadorearekin bildu zen atzo Udaletxean, 12 urteren ondoren. Bilera udaletxean egin zen, eta bi agintarien helburua Bilbo eta Hego Korearen arteko harreman kulturalak, ekonomikoak eta bestelakoak indartzea izan da.

Bahk Sahnghoon, 57 urtekoa, ezkondua eta bi seme-alabaren aita, Negozioen Administrazioan lizentziatu zen eta Administrazio Publikoetako masterra egin zuen Hego Koreako Kanpo Arazoetako Ministerioan sartu baino lehen. Geroztik, erantzukizun goreneko postuetan egon da Koreak El Salvadorren, Nazio Batuetan, Belgikan, Austrian eta Panaman dituen enbaxadetan, besteak beste.

Koreako Errepublikako Presidentearen Kabineteko Idazkari Laguntzailea eta Protokolo arloko Idazkaria izan da, baita Nazio Batuen Dibisioko Zuzendaria eta Latinoamerika eta Karibeko Gaietarako Departamentuko Zuzendaria ere, Hego Koreako Kanpo Arazoetako Ministerioan.

2020ko abenduan, Bahk Sahnghoon Enbaxadore karguaz jabetu zen Hego Koreak Madrilen zuen ordezkaritza diplomatikoan, aurreko enbaxadore Hong-jo Chunen ordez. Hego Koreako ordezkari diplomatiko gorenak Bilboko Udaletxera egindako azken bisita 2012ko maiatzean izan zen, orduko Enbaxadore Dae-sung Oh-k Euskadira egindako bidaia ofizialaren barruan, eta topaketa haren ondorioz, bi aldeen arteko merkataritza-harremanak areagotzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zen.

Juan Mari Aburto Alkatearen bi agintaldietan, Hego Koreatik etorritako mota guztietako zazpi ordezkaritzak (ikertzaileak, kazetariak, erakundeetako ordezkariak, etab.) bisitatu dute Bilbo, bertako hiri-eraldaketaren prozesua gertu-gertutik ezagutzeko xedez. Gainera, 2020ko urtarrilean, Bilboko Udalak Gyeongnam Social Innovation Global Forumean parte hartu zuen Koreako Changwon hirian 400dik gora pertsonaren aurrean, tokiko agintariak, gobernu-ordezkariak eta gizarte nahiz berrikuntza arloetako aditu eta ikertzaileak tarteko zirela.