Bilboko Arriaga Antzokiak Max Sarien XXIV. edizioa hartuko du datorren urriaren 4an. Zehazki, 20:00etan ospatuko da eta TVEko 2. kanalean zuzenean jarraitu ahal izango da. Udalak jakinarazi duenez, SGAE Fundazioak antolatzen du baina Bilboko Udalak, Arriaga Antzokiak eta Kultura eta Kirol Ministerioan laguntzen dute, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren (INAEM) bidez.

TVEko 2. kanalak eskainiko du ekitaldia, zuzenean, 20:00etan, eta RTVE Play dekoan.

2001ean espazio berean eta 2007an Euskalduna Jauregian ospatu ondoren, Maxak Bilbora itzuli dira, historian hirugarren aldiz, eta Calixto Bieitok hartuko du berriz ere zeremoniaren pisua (2006an Bartzelonako edizioan egin zuen bezala), Estatuko arte eszenikoen sektorean arreta jartzeko ezinbesteko hitzordua bilakatuz.

Hogeita laugarren edizio honetako berrikuntza guztiak gaur aurkeztu dira Arriaga Antzokian egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira hizlari Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Oskar Castaño 'Garbitxu', Euskadiko SGAE Kontseiluko presidentea, Rubén Gutiérrez, SGAE Fundazioko zuzendari orokorra eta Calixto Bieito, Arriaga Antzokiko eta XXIV. Max Sarietako zuzendari artistikoa.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eskertu egin du SGAE Fundazioaren aukera eta Bilboren aldeko apostua. “Eskerrik asko Bilbo eta Arriaga Antzokiaren alde egiteagatik” esan du Aburtok, “geurea den zerbait bezala bizitzen ari gara eta lan talde ezberdinak jo ta ke ari direla lanean jakin badakit, alegia, ekitaldia arrakastasua izan dadin”. Bide batez, Calixto Bieito eta Arriaga Antzokia osatzen duen lan taldeari zuzendu da: “Antzokia, egin zenezaketen aukerarik onena da, izan ere, Estatu mailako zein nazioarteko gunerik garrantzitsuenetariko bat dugu; historiaz, arimaz eta Bilboko izaera propioaz bustia, gainera”.

Bere hitzetan, alkateak Udalak kulturaren alde egiten duen saiakera etengabea azpimarratu du ere: “ekitaldi hau sektore kulturalarentzat sekulako abagunea da, eta gure aitorpena da. Aski ezaguna da arte eszenikoen aldeko gure apostua. Bilboko hiriaren estrategia da, hiriburua arte eszenikoen, sormenaren eta sustapen kulturalaren ardatza bilakatu, alegia. 'Bilbao Kultura 365' leloari jarraituz gaineratu du kultura nahi dugu urteko egun guzti-guztietan”.

Bere aldetik, Rubén Gutiérrezek hitzegin du gaur goizeko agerraldian, hots, SGAE Fundazioko zuzendari orokorrak. "Kulturarentzat hain zailak izaten ari diren urteotan, gure sortzaileen talentuaren alde egiten duten udalak egotea lasaigarria da guretzat. Bilboko Udalaren lankidetza azpimarratu nahi dut, hori gabe sari hauek ezin izango baitziren ospatu, eta hirugarrenez hartuko gaitu gainera. Aurten, Calixto Bieitoren talentuaz fidatu gara. Zeremoniako zuzendari lanetan eskarmentuko sortzailea dugu eta Euskal Herriak daukan kalitate artistiko handia agerian uzten duen proposamen gaindiezin bat dakarkigu. Gizarte zibilari eskerrak emateko ikuskizuna izango da, izan ere, gizarterik gabe arte eszenikoek ez dute etorkizunik; baita ere, gure egileek azken bi urteotan hasitako bide berriei, aurrean jartzen zaien erronka berri bakoitza gainditzeko gai direnei, eta gogoratuko dugu, nola ez, antzerkia eta dantza bizirik dirauten ezinbesteko elementuak izango direla beti ", nabarmendu du Gutiérrezek.

Esker on horiekin batera, Oskar Castaño 'Garbitxu'k "Udalaren babesa eta kulturaren aldeko apustua" azpimarratu ditu, " kulturan sinesten duen adierazgarritzat" baloratuz. “Laguntza hori ardatz estrategikoa da herritarrentzat, eta antzerkia, dantza eta kultura gu guztiontzako bizimodu bilakatzea errazten du. Lan honen guztiaren ondorioz Bilbo Antzerki eta Dantzaren Hiriburu bilakatuko da urriaren 4an, alegia, MAX Sarien banaketarekin, hirugarrenez, eta azkena ez izatea espero dugu” aitortu du Garbitxuk. “Eskerrak eman nahi dizkizuegu harrera egiteagatik, eta sari hauek beste behin ere hiri osoa distiraraztea eta argiztatzea espero dugu benetan”, gaineratu du antzerkigileak.