Bilboko Udaleko Hiri berroneratze Arloak 7,8 milioi euro bideratu ditu etxebizitzak birgaitzeko obra txikietarako laguntzen Renove Planaren bidez. Surbisak kudeatu ditu jasotako 1.363 eskaerak. Zehazki, eskatzaileek % 30eko diru-laguntzak jaso ahal izan dituzte, gehienez 6.000 euroko inbertsioa egiteko.

Hiri Berroneratzearen Sailaren 2021eko “Etxebizitzen Renove Plana” 2020koaren segida izan da. Dirulaguntzetarako programa ezohiko bat izan da, SURBISAK kudeatua, enplegua eta ekonomia aktibatzeko eta gizarte kohesioa sustatzeko.

Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren barruan etorri da, pandemiari aurre egiteko ezohiko neurrien artean; gainera, bat etorri da osasunaren eta ongizatearen inguruan ezarritako garapen jasangarriko helburuekin, eta baita ere hiri inklusiboago, seguruago, erresilenteago eta jasangarriagoei buruzko garapen jasangarriko helburuekin.

Aurreko aldian ez bezala, aurten, programa hau uriko auzo guztietako bizitegietara iritsi da, eta bi laguntza-ildo izan ditu. Lehenengo ildoa, Renove plana: segida eman dio iazkoari. Bigarrena, Egokitu Plana izenekoa, lehen aldiz jarri da abian, eta 60 urtetik gorako pertsonentzat edo mugikortasun urritua dutenentzat izan da, haien bizitegien irisgarritasun edo bizigarritasun baldintzak hobetzearren. 2021eko aurrekontua 800.000 eurokoa izan da, guztira: 400.000 euro programako.

"Bi deialdiok xede bikoitz bat izan dute: alde batetik, gizarte kohesioa sustatu nahi izan dugu, etxejabeei dirulaguntzak emanez beren etxebizitzen barruan obrak egin zitzaten, kalitatea eta bizigarritasuna eta erosotasuna hobetzearren. Horrez gain, programa honek bultzada eman dio irisgarritasunari, pertsona edadetuek edo mugikortasun urritua dutenek aukera izatearren beren bizitegietan bizi kalitate hobea izateko", azaldu du Nora Abetek, Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Onuradunek, hala, aukera izan dute beren etxebizitzak barrutik birgaitzeko obrak finantzatzeko; obren aurrekontua, gehienez ere, 6.000 euro artekoa izan ahal izan da (eta gutxienez, 1.000 eurokoa), eta inbertsioaren % 20a itzuli beharrik gabeko dirulaguntza bat eman da. Gehienez ere 1.200 euro eman ahal izan da etxebizitzako, “Renove” planaren kasuan. “Egokitu” planean, berriz, inbertsioaren % 30a lagundu ahal izan da (gehienez 1800 euro). Bi lerro horiek bateragarriak izan dira SURBISAREN eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin.

Egokitu Planaren kasuan, zehazki, Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, irmoki lagundu nahi izan du obrak egin daitezen 60 urtetik gorako pertsonen edo mugikortasun urrituko pertsonen bizitegietan irisgarritasuna hobetzearren, hala nola bainuontzia edo dutxa aldatzea, txorrotak eta komunak egokitzea, domotika eta teknologia sistemak ezartzea pertsonen autonomiari laguntzeko eta beste.

Jasotako 1.363 eskabideen artean, gutxi gorabehera erdiak onartu egin dira, eta diruz lagundu. Onartu ez diren eskabideen kasuan, hainbat izan dira arrazoiak: betekizunak ez betetzea, aurrekontua ahitu izana, uko egin izana, eskabideak epetik kanpo aurkeztu izana eta abar.

Bigarren urtea da ilaran SURBISAk programa honen bidez hiri osora hedatzen duela bere jarduera, esku hartzeko ohiko eremuez harago, eta lortu duela bere lana herritarren hurbilago eta ezagunago izatea eta harreman handiagoa izatea haiekin.

PLAN ZABALAGO BAT

Laguntza hauen onuradunak, beraz, uri osoan zehar kokatuta dauden bizitegien titularrak izan dira. Auzo bakoitzean, obrako egindako batez besteko inbertsioa 6.644 euro izan da. Inbertsioen eskaera gehien Santutxun, Deustun, Abandon, Indautxun eta Basurtun izan dira.

Era berean, eskaera gehienek obra mota bat baino gehiago jasotzen dituzte. Renove Planari dagokionez, laguntzak, gehienbat, bainugelak berritzeko eta etxebizitzen amaiera-lanak eta kanpoko zureriaren lanak egiteko eskatu dira. Egokitu Planak, programaren izaeragatik beragatik, bainugelen irisgarritasun eta berritze lanak babestu ditu, edadetuek edo desgaitasunen bat dutenek aisago erabil ditzaten.

"Balantzearen datuek erakusten digute programa beharrezkoa zela, aukera eman digula uriaren zati handi batean jarduteko, eta, gainera, Bilboko etxebizitzen kalitatea eta erosotasuna hobetzen lagundu digula, bereziki bizitegien barruko irisgarritasuna sustatzen eta hobetzen", adierazi du Nora Abetek.

Iazko deialdian, Etxebizitzen 2020 “Renove” planak lau milioi euro mobilizatu zituen berritze-obretan. Programak 800 eskaera jaso zituen uriko bizilagunen aldetik, eta obrako, gehienez ere 6.000 euroko inbertsioa eginik, % 20 arteko dirulaguntzak izateko aukera izan zuten.

Aurtengo deialdia, berriz, Bilbao Aurrera 2021 Udal Planaren barruan etorri da, pandemiaren aurrean Urian gizarte-kohesioa eragiteko eta ekonomia, enplegua eta kultura suspertzeko presako neurrien artean. Planaren aurrekontua, bigarren edizioan, 15 milioi eurokoa izan da, eta salbuespenezko 43 neurri bildu ditu, guztiak ere urteko lehen seihilekoan jartzeko abian.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak esku-hartze integrala sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten die. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku-hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.