Bilboko Areatzak egun berezia biziko du datorren igandean, hilak 19. ume zein edadetuentzako ekitaldiak jasoko ditu, Europar Mugikortasun Astearen barruan antolatutakoak, 'Zure osasunagatik, mugitu era jasangarrian' lelopean.

Bi gurpilen gaineko jardueretarako familia osoarentzako deialdi bat baita, Alfonso Gil Bilboko Udalaren alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi-ordezkariak herritar guztiak animatzen ditu parte hartzera, familia osoaren mugikortasun aktiboa delarik gai nagusia, bizi kalitatea eta buruko eta gorputzeko osasuna hobetzeko ardatz moduan.

BIGARREN EUSKUKO BIZIKLETEN AZOKA

Helburu horrekin, Euskadi Fundazioak eta Laboral kutxak hiru jarduera antolatu dituzte familia osoarentzat, eta, horien artean, bada ekintza berritzaile bat, Bigarren Eskuko Bizikleten Azoka, hain zuzen.

"Ekimenaren xedea da dagoeneko erabiltzen ez diren bizikletak trastelekuetatik ateratzea eta salgai jartzea, prezio murriztuetan, hirian ekonomia zirkularrari eragitearren eta eguneroko mugikortasunerako aukera jasangarrien alde egitearren", adierazi du Andoni Madariagak, Euskadi Fundazioaren erakunde-arduradunak.

Pedro Vallejok, ostera, Bizieskola proiektuaren arduradunak, bizikletaren erabilera arduratsua sustatzen ari baita, azokaren funtzionamendua azaldu du. Salgai jarriko diren bizikletei alta eman behar zaie dagokion imprimaki hau betetzen.

Pertsona bakoitzeko 2 bizikleta jarriko dira salgai, gehienez, eta bizikleta bakoitzeko prezioa, gehienez, 500 euro izango da. Domekan bertan, irailak 19an, saltzaileek bizikletak entregatuko dituzte, 10:00etatik 12:00etara arteko ordutegian, izena emateko unean adierazi zaionaren arabera. Antolatzaileek sailkatu egingo dute entregatutako bizikleta, eta barrutian kokatuko, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean, lekuan bertan salgai jarriko. Azoka amaitutakoan, ugazaba zaharrari ordainduko diote bizikletaren ordainetan hitzartutakoa, eta Decathloneko teknikariek egokituko dute bizikleta, hura ugazaba berriarentzat. Bizikleta saltzea lortu ez duten pertsonentzat, berriz, Vallejok azaldu du aukeran dutela Bizieskola proiektuari dohaintzan ematea, migratzaileei gizarteratzen eta laneratzen laguntzen jarduten baita.

BI GURPILEN GAINEKO JOLASAK EDADETUENTZAT ETA UMEENTZAT

Areatzan, irailaren 19an, jolas batzuk izango dira, eta haietan parte hartzea saritzeko, bizikleta bat eta txirrindularitzako materiala laga du Decathlonek. Jardueren eskaintza oso askotarikoa da, eta ez da behar besterik parte hartzaileek beren bizikletak, kaskoak eta esku-larruak ekartzea baizik.

Hala, beraz, 6 eta 12 urte arteko umeentzako trebetasun probak izango dira, eta aukera izango dute erakusteko zer trebetasun duten beren ibilgailuak kontrolatzen; 400 metro koadroko eremu hesitu bat izango da horretarako. Izen emateko dagokion inprimakia bete behar da.

Parte hartzaileek, halaber, aukera izango dute familiarekin eta lagunekin bizikletaz Ginkana bat egiteko... horretarako, bi talde egingo dira, eta talde bakoitzak bost kide izango ditu, gehienez ere. Ez da eragozpena izango pertsona batek talderik ez izatea. Aukera izango du izena emateko eta antolatzaileek sartuko dute talde batean edo bestean.

PEDALEKIKO BIDE-HEZKUNTZAKO ZIRKUITUA UMEENTZAT

MAPFRE Fundazioak diseinatu du, bestalde, pedalekiko Bide Hezkuntzako Zirkuitu bat, umeek segurtasunez zirkulatzen ikas dezaten jolas dibertigarrien bidez. Jarduera hezigarri horien zirkuitua irekita egongo da 10:00etatik 15:00etara.