Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera eta murrizketak eragozpen handiak direla jakin arren, Bilboko Udalak espero du aurtengo udan Kobetamendiko autokarabanentzako aparkalekuak 100 %-ko okupazioa lortzea.

Pandemiaren ondoriozko murrizketak jasan ondoren, une hauetan, egunaren 24 orduetan eskaintzen du aparkaleku-zerbitzua, eta uztaileko lehenengo zazpi egunetan bakarrik % 60ko okupazioa erregistratu du. Zifra hori pixkanaka ari da gora egiten. Aparkalekuko arduradunen arabera, uda honetan % 100eko okupaziora iristea espero da.

Gaur egun, estatuko turistek gehiengoa izaten jarraitzen dute, bisitari guztien % 60 baino gehiago baitira. Horien artean nabarmentzekoak dira Katalunia eta Andaluziako bisitariak. Atzerriko turismoari dagokionez, % 14 baino gehiago alemaniarrak dira.

Eremua Bilbo erdigunetik 15 minutura dago, eta 2021eko denboraldi honetan 72 aparkaleku izango ditu gehienez. Zerbitzu horren bidez aparkatzeko partzelak eskaintzen dira, konexio elektrikoa eta edateko ur hargunearekin, 24 orduko zaintzarekin, ur beltzak eta ur grisak husteko tokiarekin eta dutxak, komunak eta garbigailuak erabiltzeko zerbitzuarekin. Hori guztia beharrezkoa da turismo-mota honen alde egiten dutenen egonaldia eta bisita errazteko.

Autokarabanak gehienez ere 48 orduz egon daitezke bertan, eta egunean 15 euro ordaindu behar dira ibilgailu bakoitzeko.

Era berean, Kobetamendiko aparkalekuko langileen nahiz erabiltzaileen segurtasuna zaintzeko asmoz, covid-19aren zabalkundeari eusteko protokolo bat dago, bisitariek esparrura sartzen direnetik irteten diren arte bete behar dituzten osasun-neurriekin.

Horiek horrela, gel hidroalkoholikoa dago espazio komun guztietan, pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatzen da seinaleztapen egokiaren bidez eta terraza-eremua egunero fumigatzen da, gainera, komunak egunean sei aldiz desinfektatzen dira. Erabiltzaileak aparkalekutik irten ondoren, partzelak desinfektatzeko zerbitzua indartu da, eta arreta berezia jarri da ur eta argi harguneen garbiketan.

Autokarabanen bidezko turismoa toki berriak ezagutu eta esperientziak bizitzeko modu bat da, eta erabiltzaile gehien dituen turismo-modalitateetako bat da, segurtasuna eta aire zabaleko espazioak uztartzen dituelako.