Bilboko Udalak herritarren artean bizimodu osasungarria eta aktiboa sustatzeko martxan jarritako 'Ibiltarien sarea' eta 'Parke bio-osasungarriak' izeneko programek partaide-kopurua nabarmen igo dute ikasturtearen amaieran.

Programetako parte-hartzearen balantzea oso positiboa da, ekimen biek ohiko kopuruak nabarmen handitu baitituzte. Urritik ekainera bitartean, 4.958 pertsonak hartu dute parte "Ibiltarien sareko" ibilaldi eta ibilbideetan; Parke Bio-osasungarriak dinamizatzeko proposatutako jarduerek berriz, hirukoiztu egin dute ohiko parte-hartzaile kopurua, 3.377 pertsona, hain zuzen ere.

Yolanda Diez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Zinegotziak azaldu duenez, bi programa hauek herritarren artean izan duten arrakastak berretsi egiten du Bilboko Udalak ohitura osasungarriak sustatzeko egin duen ahalegina: "Pandemiaren ondorioz osasunak garrantzi berezia hartu duen testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Bilboko herritarren artean bizimodu aktiboa eta aire zabaleko ariketa sustatzea".

Gainera, "Ibiltarien sareak" eta Parke Bio-osasungarrien instalazioen erabilerak "beste pertsona batzuekin elkartzeko eta jarduerak taldean egiteko aukera" eskaintzen diete parte-hartzaileei eta hori, egokiro baloratzeko moduko zerbait da, batez ere adinekoen artean, pandemiak ekarri zuen etxeko konfinamenduaren ondoren.

PROGRAMA OSASUNGARRIAK ETA SEGURUAK

2020-2021 ikasturtean covid-19 pandemia izan da nagusi, baita osasun-agintariek infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko ezarri dituzten neurriak ere. Bi programetan, araudia betetzeko xedearekin, monitoreak 4 pertsonako azpitaldeetan banatu ditu parte-hartzaileak. Ibiltarien Sarearen kasuan, berotze- eta luzatze-ariketak alde batera utzi dira; izan ere, jarduera horiek talde osoak aldi berean egiten ditu monitorearen argibideei jarraituz eta horrela egin ezean, araudia urratuko zuketen.

Gainera, kontuan hartu behar da parte-hartzaileen gorakada azaltzen duen beste arrazoietako bat, koronabirusaren transmisioari dagokionez, kanpoaldeko jarduerak barnekoak baino seguruagotzat jo direla izan da; hori dela eta, pertsona askok geletako edo kirol-zentroetako ohiko jarduerak alde batera utzi dituzte eta Bilboko Udalaren parke eta berdeguneetako eskaintza erabili dute.

OSASUNA SUSTATZEA HERRITAR GUZTIEN ARTEAN

Programen izaera dela eta, ezin da jakin parte-hartzaileen adina eta sexuaren araberako banaketa. Ikasleek izena eman eta parte hartzeko konpromisoa hartu behar duten ikastaroetan ez bezala, bi programa hauek aukera ematen diete herritarrei ibilaldietara edo dinamizazioetara askatasunez joateko, izenik eman gabe, ezer ordaindu gabe eta hurrengo egunean itzuli beharrik gabe.

Parte hartzeko, webgunean edo udal-zentroen sarean hilero argitaratzen diren jarduera-egutegietan zehaztutako lekuan eta orduan aurkeztu behar dira. Gainera, jarduera hasita dagoela ikusten duten pertsonek ere bat egin dezakete jarduerarekin; honakoa, sarritan gertatzen den zerbait da.

Programa horietan parte hartzean edozein adinetako pertsonek osasunerako onurak lor baditzakete ere, adineko jendeak erabiltzen ditu gehien. Parte-hartzaileen batez besteko adina 65-70 urte bitartekoa da eta gehienak emakumeak dira, baina beste udal-programa batzuekin alderatuz, proportzio txikiagoan.

“OSASUN PARKEAK” APP-A

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak mugikorretarako aplikazio bat aurkeztu du berriki, hirian dauden 53 parke bio-osasungarrien instalazioak behar bezala erabil daitezen sustatzeko. App honek hainbat funtzionalitate ditu, hala nola parkeen geolokalizazioa, aparatuak erabiltzeko bideotutorialak, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako klase gidatuak, urrats-kontagailua edo jarduera fisikoaren asteroko helburuak ezartzeko aukera.

Bi programak ekainaren 30ean amaitu badira ere, udan kanpoko jarduera fisikorako baliabideak erabiltzen jarraitu nahi dutenek Ibiltarien sarea. Bilbo ezagutzeko ibilbideak zaintzen ari zaren bitartean liburuxka dute eskuragarri udalaren webgunean eta plataforma nagusietan dagoen (Google Play eta Apple Store) Bilbao Osasun Parkeak aplikazio mugikorrean,. Programek datorren urriaren 1ean ekingo diote berriro jarduerari, ikasturte berria hastearekin batera.