Gaur goizean, ekainak 28, Bilboko Udalak 31 pertsona omendu egin ditu, 'Bilbao Mentoring' programaren barruan, pandemia garaian uriko saltokiak modu altruistan hobetzen laguntzeagatik.

'Bilbao Mentoring Omenaldia', hain zuzen ere, 'Bilbao Mentoring' programaren azken bi edizioen amaiera-ekitaldia da. Programa Bilboko Udalak bultzatu du, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, eta, horrela, enpresa eta saltokiei laguntza eman nahi zaie gaitasunak, trebetasunak eta ahalmena hobetu dezaten, epe luzeko ikuspegia hobetu dezaten eta erabakiak modu errazagoan hartu ditzaten.

Hori horrela, 2019. eta 2020. urteetan parte hartu duten pertsonak omendu nahi dira, hau da, pandemiagatik sortutako zailtasunekin markatutako bi edizioetako parte-hartzaileak. Izan ere, programa ondo amaitu ahal izateko, ekimenaren azken edizioa gaur egungo testuingurura egokitu behar izan da, online bertsioa gailenduz. Horrela, profesionalek ezagutza eta eskarmentua helarazi ahal izan dizkiete beste enpresa batzuei, estrategia finkatzen laguntzeko.

PAUL CABALLEROK SORTUTAKO IRUDI PERTSONALIZATUAK BANATZEA

Mentore-lanengatik eta hiriko enpresa-ehunaren jasangarritasunarekiko zein hobekuntzarekiko konpromisoagatik omendu diren 31 pertsonek irudi bana jaso dute Bilboko alkatearen eskutik, aitorpen gisa.

Paul Caballero artista bilbotarra da irudien egilea, eta, hain zuzen ere, udalaren BIG Bilbao ekintzailetza-zentroaren babesarekin eta aholkularitzarekin ekin zion ibilbide profesionalari. Iñigo Caballero anaiarekin sortu zuen CMYK Bilbao, hiriko ilustrazio digitaleko lehenengo eskola, eta, gainera, 'Mentoring Bilbao' ekimenaren IX. edizioan parte hartu zuen, non laguntza eta aholkularitza jaso zituen Aitor Elizegiren mentoree gisa.

MENTORINGA, ESPERIENTZIAN OINARRITZEN DEN IKASKETA

Ekimenaren esparruan, hilabete batzuetan, guztira, 31 mentorek eta beste hainbeste hartzailek topaketak eta bilerak (aurrez aurrekoak eta birtualak) egin dituzte esperientziak, aholkuak eta informazioa partekatzeko. Topaketa horien helburua hartzaileen profesionalizazioa hobetzea da. Horretarako, esperientzian oinarrituriko ikasketa baliatu da, ideia berriak txertatu dira pixkanaka eta negozio-planak hedatzen lagundu dezakeen kontaktuen sare bat sortu da.

Parte hartu duten enpresa guztiek urtebete baino gehiago daramate lanean eta askotariko sektoretan garatzen dute beren jarduna, besteak beste, merkataritzan, ostalaritzan, diseinu grafikoan, arkitekturan, barne-diseinuan, osasun sozio-sanitarioan, aholkularitzan eta ingeniaritzan.

Bilboko Udalak 2008an 'Bilbao Mentoring' programa martxan jarri zuenetik (tresnak nazioartean lorturiko eraginaren ondorioz), 127 saltokik eta ETEk beren lehiakortasuna hobetu dute, ekimenean parte hartu duten 84 aholkulariren laguntzari esker.

Mentoringa nazioartean hedatu da enpresa-proiektu berriak sustatzeko eta hainbat sektoretako profesionalek beren garapen-gradurik gorenena erdiesteko formula gisa. Funtsean, metodo horrek harremanetan jartzen ditu eskarmentu handiko profesionalak eta lan-gaitasunak hobetu nahi dituzten pertsonak. Mentoreek aholku pertsonalizatuak eskaintzen dizkiete aholkularitzapean dituzten pertsonei eta haien gaitasunak eta trebetasunak hobetzen laguntzen diete enpresa-hazkunderako edo hazkunde profesionalerako erabaki estrategikoak hartzeko orduan.

ETE, SALTOKI ETA NEGOZIO BERRIETARAKO LAGUNTZA-ZERBITZUA

'Bilbao Mentoring' programaz gain, hiriko udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, zerbitzu-sorta zabala eskaintzen du, bai Bilbon dauden ETE eta saltokien lehiakortasuna handitzeko, bai start-up eta negozio berriak sortzeko. Gainera, koronabirusaren pandemiak mundu osoan sortutako krisiari arinago aurre egin ahal izateko tresna da.

Doako zerbitzu integral bat da, eta start-up eta negozio berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileen premiei erantzuteko abiarazi da, bai eta lehiakortasuna merkatuan bultzatu, eguneratu, digitalizatu eta handitu nahi duten saltoki eta hiriko enpresa txiki eta ertainen premiei ere.

Zerbitzuei dagokienez, besteak beste, aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen zaie ETE eta saltokiei, operatiboki hobetzeko, enpresa lehiakortasuna handitzeko eta laguntza estrategikoa zein antolakuntza estrategikoa eskaintzeko, bai eta enpresa-berrikuntzarako, digitalizaziorako edo nazioarteko merkatuetara iristeko ere. Start-up edo enpresa berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei dagokienez, kudeaketa hobetzeko prestakuntza jasoko dute eta aholkularitza pertsonalizatua izapide burokratikoak egiteko, negozio-plan bat prestatzeko eta enpresa berria kokatzeko leku egokia hautatzeko, bai eta finantzaketa-lerroak eskuratzeko ere, besteak beste.

Aldi berean, covid-19aren pandemiak eragindako agertoki honetan, jarduketa-lerroa zabaldu da testuinguru honetan sortu diren premiei aurre egin ahal izateko helburua du. Horri dagokionez, zergen, ekonomiaren eta lanaren alorreko kontsulta espezifikoei erantzun zaie formulario honen bitartez, osasun-protokolo berriak betetzeko dirulaguntza zuzenak eman dira eta lokalen errentamenduari lotutako bitartekaritza-zerbitzua abiarazi da.

Bestalde, sendotzeko beste ekintza batzuk aplikatu dira, esaterako, baliabide guztiak eskuragarri dituen webgune berri eta modernoagoa bat martxan jartzea, edota, BIG Bilbao Ekintzailetza Zentroa beste toki handiago batera lekualdatzea, Zabalguneko eraikinera, handitu eta zabaltzen jarraitzeko. Gainera, komunikazio-kanpaina bat aktibatu da, zerbitzuen berri emateko.