Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bai LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin. Hala, ekainaren 25etik 28ra bitartean, udaletxeko fatxada ostadarraren banderaren koloreekin argiztatuko da, pertsonek askatasunez maitatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean eta Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean gertatu zen bezala, efemeride horren bidez, Udalak kanpaina instituzional bat zabalduko du 'Bagara/Somos' leloarekin, gizartea sentsibilizatzeko pertsona guztiek dituzten eskubide sozialen inguruan.

Data hori gomutatzeari buruz, Nekane Alonso Berdintasun Saileko zinegotziak esan du "ekainaren 28a ospakizun eguna" dela, "harrotasun kritiko baten ospakizuna, baina, era berean, borroka eta salaketa publikorako eguna ere bada, sexualitatea, generoa edo gorpuztasuna arauz kanpo bizi duten pertsonen aurkako diskriminazioen aurka".

Gainera, zinegotziak balioa eman dio Bilbori, balioen hiria den aldetik, "Bilbon bizitzeaz harro nagoela adierazi nahi dut, uri inklusiboa, errespetuzkoa, ekitatiboa eta, batez ere, bertan bizi garen pertsona guztientzat bidezkoa izateko konpromisoa eta apustua hartu duelako, sexu-orientazioa, sexu-identitatea eta genero-adierazpena zein dela ere".

Bilboko Udalak norbanakoen eskubide eta askatasunen aldeko politika publikoak bultzatzen ditu, LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ulertu eta onar dadin. Horretarako, ekintza pedagogikoak eta sentsibilizazio-ekintzak egiten dira herritarrentzat, urian dauden adierazpen afektibo-sexual guztiak ulertzea lortzeko.

Berdintasun Sailak azpimarratu du beharrezkoa eta garrantzitsua dela ikuspegi feminista txertatzen jarraitzea, "ez bakarrik sexualki arauemailea den eredu baten aurrean aniztasuna eta desberdintasuna aldarrikatzeko, baizik eta emakumeek edozein eremu eta esparrutan, baita LGTBIQ+ kolektiboetan ere, dituzten zailtasun erantsiak kontuan hartzeko", zehaztu du Nekane Alonsok.

BAGARA/SOMOS

Kanpaina formatu digitalean zabalduko da webgunean eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan, eta Bilbon bizi diren herritarren profilak irudikatzen dituzten argazkiak biltzen ditu. Erretratu horiekin, LGTBIQ+ kolektiboko pertsona horiek guztiei ikusgaitasuna eman nahi die Udalak.

Sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko apustua Udalarentzat estrategikoak diren bi proiekturen barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak. Horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzen lan egiten da.

1969TIK

Ekain guztietan bezala, udalak Bilboko LGTBIQ+ komunitateari lagundu nahi dio data honetan, 1969ko Stonewalleko (New York) istiluak gomutatzen diren egunean, non LGTBIQ+ aldarrikapen-mugimenduak eta borroka hasi ziren, identitatea eta sexualitatea duintasunez bizitzeko eskubidearen alde.

Azkenik, Udalak dei egin die herritarrei modu aktiboan parte har dezaten, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren kariaz, LGTB kolektiboek ekainaren 28an antolatuko dituzten mobilizazioetan.