Lau hilabete iraun duten lanak amaitu ondoren, Sabino Arana kaleko jolasgunean estalkia jarri du Bilboko Udalak. Horretarako, 598.170,54 euroko inbertsioa egin du, BEZa aparte.

Ostiralean goizean Juan Mari Aburto alkatea bertan izan da, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Asier Abaunzarekin eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfontso Gilekin batera.

Jardunaren helburua izan da parkean hobekuntzak egitea eta hura eguraldi txarretik babestea, umeek urteko edozein garaitan gozatu ahal izan dezaten, edozein dela ere eguraldia. Hala, bada, estalki bat ipini zaio, bi egitura garaiera desberdinetan ezarriekin: egituretako bat biribila da, eta bestea arrauzkara. Biak ere metalezkoak dira, eta polikarbonato trinkotu zeharrargiz eman zaie amaiera.

Izan ere, Sabino Aranako umeen olgetarako gunea bi eremu arrauzkaratan dago banatuta, bata 399 metro koadrokoa eta bestea 314 metro koadrokoa. Haietako zabalena estaltzeko, eremuaren iparraldekoa, pieza arrauzkara bat hautatu zen, eta, aldiz, hegoaldeko eremua estaltzeko, pieza borobil bat. Bigarren osagai hori beherago dago, eta ipar-mendebalderako isuria du, eta, aldiz, gorago dagoenak hego-mendebalderako isuria du.

Bi piezak hala garaiera desberdinetan ipinita, bi gune bereizi sorrarazi dira, paretarik eta oztoporik gabeak, txikienen jostetarako.

Jardun honek, halaber, kanalizazioak eta zerbitzuak beste bide batetik eraman beharra ekarri du, eta, hala, berrezarri egin behar izan dira zoladura osoa (bai granitozko lauzak, bai kautxuzko gaina), lehendik desegindako elementuak eta gainerako hiri altzaria.

AUZOKIDE PLANA

Sabino Aranako umeen olgetarako guneko lanen proiektua Auzokide Planean zeuden sartuta, alegia, uriko auzoak hobetzeko planean.

Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.