Gutxi falta da uda hasteko. Hori dela eta, larunbat honetan, ekainak 12, udal kiroldegietako kanpoko igerilekuak irekitzen hasiko da Bilboko Udala. Zabalduko diren lehenengoak Artxanda, Txurdinaga eta Errekaldekoak izango dira. Igerilekuak irailaren 12ra arte egongo dira zabalik, eta iazko udan indarrean egon ziren koronabirusaren aurkako neurri berberak aplikatuko dira: edukiera-mugak, espazioak zatikatzea eta espazio horiek eskuratzeko aldez aurretik hitzordua eskatu beharra.

Aurten berritasunak hauek dira: instalazioak ordubete geroago itxiko dira, 21:00etan, eta, bi txanden ordez, egunean hiru txanda ezarriko dira: 10:00etatik 13:30era, 14:00etatik 17: 30era eta 18:00etatik 21:00etara, txandakatzea errazteko eta egun berean ahalik eta pertsona gehien hartzeko helburuarekin.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Bilbao Kirolak-eko taldearekin batera, Errekaldeko kiroldegiko kanpoko igerilekuak bisitatu ditu gaur goizean, eta adierazi du "iazko esperientzia onaren ondoren, osasun-segurtasuneko neurri berberak jarri ditugu, espazio seguru eta ordenatuak bultzatuz, hartara herritarrei ondo pasatzeko eta aisialdi osasungarria eta aire zabalekoa izateko aukera emanez".

Errotetak azpimarratu duenez, "iazko kanpainan ezarri ziren neurriek oso harrera ona izan zuten, erabiltzaile askok eskertu egin ziguten ezarritako ordena", "gaur egungo osasun-egoeragatik, ezinbestean, arduratsuak izan behar dugu, arduratsuak bakarka eta arduratsuak taldean; arauak bete behar ditugu, eta, hortaz, seguru gaude iaz bezain ondo edo hobeto pasatzeko aukera aukera izango dugula".

EDUKIERA, ORDUTEGIAK ETA HITZORDUA

Abonatutako pertsonak baino ezin izango dira sartu Bilbao Kirolak-en instalazioetan. Okupazioak eta osasun-egoerak ahalbidetzen badute, abonatu ez diren pertsonei sarbidea errazteko aukera aztertuko da.

Jendaurreko ordutegia 10:00etatik 21:00etara izango da. 3 txanda ezarri dira: 10: 00etatik 13:30era, 14:00etatik eta 17:30etara eta 18:00etatik 21:00etara. Instalazioak txanden artean garbitu eta desinfektatuko dira. Txandakatzea bultzatzeko eta ahalik eta pertsona gehienek egun berean gozatzea da helburu.

Erabiltzaileek hiru txandetako bat aukeratu beharko dute.

Instalazioetara sartzeko, ezinbestekoa izango da hitzordua eskatzea. Bilbao Kirolak-en webgunearen bidez hartu ahal izango da, gehienez ere 48 ordu lehenago, eta erreserba batetik hurrengora bitartean ere 48 ordu igaro beharko dira gutxienez. Hitzordua, kanpoko edozein igerilekutarako, bihar, 10:00etatik aurrera, aktibatuko da.

KANPOKO IGERILEKUAK

Ur ontzien edo putzuen erabilerak bereizi eta antolatu egingo dira, igeri egiteko edo aisialdirako diren.

Igeri egiteko guneak kaleka banatuko dira, Txurdinaga, Errekalde eta Artxandako kanpoko igerilekuetan, eta horietako bakoitza lau erabiltzailek hartu ahal izango dute, gehienez 45 minutuz. Udako denboraldian, Zorrotzako eta San Inazioko igerilekuetan, igeri egiteko kale bakoitza gehienez 4 pertsonak hartu ahal izango dute aldi berean, eta barruko gainerako igerilekuetan, berriz, gehienez hiru pertsonak.

Igerileku txikiak jolaserako eta familiek erabiltzeko izango dira. Ezin da puxikarik edo ur-pistolarik erabili. Gehienez 15 minutu egon daiteke uretan, erabiltzaileak txandaka daitezen.

Ontzien edukiera neurriaren araberakoa izango da: Artxandan, bi ontzi txikietan, gehienez ere 20 lagun sartuko dira. Txurdinagan, hexagono formako bi ontziak umeak txipli-txapla aritzeko izango dira eta, gehienez ere, 10 pertsona egon ahal izango dira; ontzi ertaina eta irregularra, berriz, jolaserako erabiliko da eta 35 lagunentzako lekua du. Errekalden, hastapeneko igerilekua 4 gunetan banatuta dago. Gune horietako bakoitzean, gehieneko edukiera 5 pertsonakoa izango da. Gune bi zati haurrentzat izango dira eta beste biak gazte eta helduentzat.

Ezin da igerilekuko hondartzan egon, hau da, igerilekuen inguruan. Erabiltzaileek beren toalla, txankletak eta bainujantzia erabili behar dituzte, eta txanoa eta betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da.

SOLARIUMA

Iazko udan legez, aurten ere solarium gune guztiak neurri desberdinetako partzeletan banatu dira, bakarrik doazenentzat, bikoteentzat, familia edo taldeentzat, eta mugitzeko arazoak dauzkaten pertsonentzat. Espazioak horrela mugatuta, erabiltzaileen arteko distantzia gordeko da.

Dagokion lursaila aukeratuko da aurretiko hitzordua eskatzen den unean. Webgunean plano bat egongo da partzelen kokapena kontsultatzeko, eta kontroleko langileek eta laguntzaileek partzela non dagoen adieraziko diete erabiltzaileei, beharrezkoa izanez gero.

Dutxak banaka erabili ahal izango dira, eta segurtasun-neurriak gordez, aldagelek % 35eko edukiera izango dute gehienez.

UDAKO 2x1 FITNESSA

Bilbao Kirolak-en kirol eskaintzaren barruan, uztailean, abuztuan eta irailean, erabiltzaileen artean eskari handiena duen programetako bat dago: udako 3x2 fitness-a.

Eskaintza horren bidez, udako hiru hiletarako eman daiteke izena (uztaila, abuztua eta iraila), edozein kiroldegietan, bi hilabeteko kuota ordainduta.

HIGIENEKO ETA KONTROLEKO NEURRIAK

Orain arte bezala, Bilbao Kirolak erakundearen kiroldegietako sarreretan, erabiltzaileek garbitu egin beharko dituzte eskuak gel desinfektatzailearekin: instalazio guztietako kontrol gunean aurkituko dute. Oinetakoak ere desinfektatu egingo dira. Erabiltzaileek gel hidroalkoholikoa banatzeko gailuen hainbat gune aurkituko dituzte, instalazioetan han eta hemen.

Maskara nahitaezkoa da instalazioetan sartzeko, eta uneoro erabiliko da, igerilekuetan izan ezik, bainua hartzera joaten denean, bainua hartzean edo partzeletan. Igerilekuen kasuan, iaz hasitako errefortzuari eutsiko zaio, ur-mailak kontrolatzeko eta espazioen eta materialen garbiketaren eta desinfekzioaren maiztasuna.

Sartzeko eta irteteko zirkuituak ezarriko dira, itxaroteko guneak ere mugatuz.

AENOR

Bilbao Kirolak-ek AENOR ziurtagiria jaso du covid-19aren prebentziorako bere instalazioetan duen protokoloagatik. Bilbao Kirolak-eko 11 udal kiroldegiak zigilu hau duten Estatuko kudeaketa publikoko lehenak dira. Zigilu horrek ziurtatzen du hartutako neurriak egokiak direla kutsatzerik ez izateko, neurriak behar bezala ezartzeko eta horiei zabalkunde egokia emateko.

ITXIERA TEKNIKOAK

Bilbao Kirolakek udan egingo ditu urteroko mantentze-lanak egiteko beharrezkoak diren itxiera teknikoak.