Bilboko Udalak ezagutzera eman du dagoeneko 'Bilboko Korala gertutik' ekimenaren programazioa. Ekainean ospatuko da, eta lau kontzertu egingo dira guztira, uriko hainbat barrutitan.

Kontzertu hauek Deustun, Txurdinagan, Uribarrin eta Zorrotzan egingo dira. Beraien bidez, Udalaren asmoa da musika koralarenganako zaletasuna bultzatzea jendearen artean, eta kultura auzo guztietara hurbiltzea. Gainera, hemengo talentua eta Bilboko Koral Elkartearen irakaskuntzaren eta artearen alorretako lana erakutsi nahi ditu.

PROGRAMAZIOA

Uztailaren 12a, larunbata

  • 13:00etan. El Salvador eliza, Uribarrin

Lehenbiziko kontzertua El Salvador elizan izango da ekainaren 12an, zapatua, 13:00etan. Leonardo Alonsok gidatutako gitarra-orkestraren eta musika-ikastegiko piano-ikasleen ikasturte honetako lana gozatuko dute Uribarriko bizilagunek.

  • 20:15ean. Txurdinagako Santa Monika monasterioa

Egun berean, arratsaldeko 20:15ean, Alberto Sáez Puenteren organoko eta instrumentu-errepertorioko ikasleek Txurdinagako publikoa txundituko dute Santa Mónicako monasteriotik, Agustindar ahizpek ondo gordeta duten harribitxiarekin: Graafen zigiluko organoa.

Ekainaren 13a, igandea

  • 18:00etan. San Felicísimo eliza, Deustun

Hurrengo egunean, ekainaren 13an, domeka, 18:00etan, solemnitatez jantziko da Deustuko San Felicísimo eliza, Gabriel Fauréren Réquiem Op. 48 lanarekin. Bilboko Koral Elkarteko helduen abesbatzak emango duen kontzertu hau -Enrique Azurtzaren zuzendaritzapean eta Alberto Sáez Puente organoan dela- Larraitz Navas sopranoaren eta Sabas Balanzategi baritonoaren debuta izango da.

Ekainaren 25a, ostirala

  • 20:00etan. Zorrotzako Mirarien Dominaren Gure Amaren eliza

Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, zikloari amaiera emateko, hilaren 25a, barikua, 20:00etan, Jose Luis Ormazabalen ikasle gazteenen txanda izango da, Zorrotzako Mirarien Dominaren Gure Amaren elizan. Horrela, entzuleek Bilbotik munduko hainbat lekutara bidaiatuko dute umeen abesbatzako ahots zuriek interpretatuko duten errepertorio folklorikoari esker.

Sarrerari eta osasun-arauei dagokienez, indarrean dagoen araudia bete behar da. Sarrera doakoa izango da, edukia bete arte. Hasiera baino ordu erdi lehenago irekiko da atea. Ilara egin beharko da, segurtasun-tartea errespetatuz. Maskara nahitaez erabili beharko da, eta eskuak gel hidroalkoholikoz garbitu.

AGENDA

  • Ekainak 12 | 13:00 | Uribarri (El Salvador eliza) | Pianoko eta gitarrako ikasleak
  • Ekainak 12 | 20:15 | Txurdinaga (Santa Mónicako monasterioa) | Organoko eta errepertorioko ikasleak
  • Ekainak 13 | 18:00 | Deustu (San Felicísimo eliza) | Bilboko Koral Elkartea
  • Ekainak 25 | 20:00 | Zorrotza (Mirarien Dominaren Gure Amaren eliza) | Bilboko Koral Elkarteko umeen abesbatza

Udal ekimen honekin bat egingo du BM Supermercados taldeak, Bilboko auzoetan presentzia handia duenak.