BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko ekintzak aztertzea eta horiei irtenbide bat bilatzea helburu duen 'Champion Mayors Week' ekimena antolatuko du Bilboko Udalak.

Amaia Arregi jarduneko alkateak saio telematikoetako batean parte hartuko du gaur arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Michael Hancock Denverreko alkatearekin (AEB), Dagur B. Eggertsson Reykjavikeko (Islandiako hiriburua) alkatearekin eta Lisa Helps Kanadako Victoria hiriko alkatearekin batera. Arregik #BilbaoAurrera Plana azalduko du. Plan hori lehentasunezkotzat jotzen diren hiru eremuetan -gizarte-kohesioa, ekonomia eta enplegua eta kultura- pandemiaren ondorioak arintzeko neurri bereziei buruzkoa da.

Gainera, datorren barikuan, maiatzaren 28an, 12:00etatik aurrera, jarduneko alkateak OECD Champion Mayors for Growth sarearen 5. topaketan parte hartuko du. Ekitaldi ofizial horrek amaiera emango dio Champion Mayors Week txapelketari. Bilera online egingo da, eta Anne Hidalgo Parisko alkatea eta Angel Gurría ELGAko idazkari nagusia izango dira bertan. Oraingo honetan, hirien hazkunde inklusiborako aukerak eta gazteen hezkuntza-aukerak, lan-esperientzia eta enplegua aztertuko dira, egungo osasun-egoera eta ondorioak kontuan hartuta.

BILBO ELGA SAREAN

2018an, Bilbo, ELGAren ekimenezko Champion Mayors for Inclusive Growth sareko kide bihurtu zen; sare hori 60 alkatek osatzen duten koalizio bat da, eta desberdintasunei ekin nahi die eta hirietan ekonomiaren hazkunde inklusibo bat sustatu. Aurreko lau edizioetan, sarearen egoitza izan dira: Atenas, Seul, Paris eta New York.

Sarean egiten den lan horren bidez, politika eraginkor eta berritzaileak aurkitu nahi dira hezkuntzaren, etxebizitzaren, lan merkatuaren, azpiegituren eta zerbitzu publikoen arloetarako, herritarrentzat bizi kalitate on bat bermatzearren eta aukera berdintasuna sustatzearren.