BILBO. Ostiral honetan, maiatzak 21, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilboko udal musika eta txistulari bandek 'Euskal Herriko aireak' izeneko kontzertua eskainiko dute Areatzako kioskoan.

Kontzertuan, Iñaki Urkizu, musika Bandako zuzendariordea, eta Garikoitz Mendizabal, Txistulari Bandako zuzendaria, arituko dira zuzendari lanetan.

Garikoitz Mendizabal (lehen txistua eta zuzendaria), Idoia Kareaga (bigarren txistua), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garciak (atabala) osaturiko boskoteak Federiko Korto, Raimundo Sarriegi, Rodrigo A. de Santiago, Santos Intxausti, José Inazio Ansorena eta Ruper Lekue bezalako euskal autoreen konposizioak joko dituzte publikoaren gozamenerako; eta Bandako 40 musikarik baino gehiagok, Gabriel Piernéren Ramuntxo balletaren obertura eta Ruper Lekue Bernaola konpositore bilbotarrak covid-19ak eragindako konfinamenduan zehar sortutako Zaraitzu obra.

SEGURTASUN-NEURRIAK

Kontzertu guztietan bezala, ikuskizunak indarrean dauden segurtasun-neurriak beteko ditu, artisten, ikusleen eta teknikarien segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko; horrela, barrutia mugatuta egongo da, maskara nahitaez erabili beharko da, aulkiak ezarritako segurtasun-distantziara egongo dira eta ezin izango dira mugitu. Era berean, jendearentzako osasun-jarraibideak jasotzen dituen kartel bat jarriko da, eta aulkiak, instalazioak eta gainerako elementuak jarduketa hasi aurretik desinfektatuko dira.

Biharkoa izango da bi taldeek batera eskainiko dituzten hiru hitzorduetatik lehena, maiatzean eta ekainean aurkezten ari diren udaberriko kontzertuen zikloen barruan. Hain zuzen ere, musika emanaldiak ekainaren 4an eta 24an izango dira Areatzako Kioskoan bertan.

Biharko kontzertuaren ostean, Bilboko Udal Musika Banda datorren ostiralean, maiatzak 28, itzuliko da taulara "Suitera hurbilketa" izeneko kontzertuarekin. Oraingoan, Jose R. Pascual-Vilaplana Bandako zuzendari titularraren zuzendaritzapean. J. Enric Canet valentziarrak, R. Jager iparramerikarrak eta González Arroitajauregui euskal musikagileak idatzitako hiru suite original izango dira entzungai. Kontzertua, G. Bizeten L 'Arlesienneren bigarren suitearen transkripzioarekin amaituko da.

Bestalde, Udal Txistulari Bandaren hurrengo hitzordu musikala datorren asteazkenean, maiatzaren 26an, izango da Euskalduna Jauregian, 19:00etatik aurrera, pandemiagatik atzeratu zen "Esku Burdinak" ikuskizunarekin, Oinkari Dantza Taldearekin batera. Maiatzaren 27an, osteguna, Karmelo Plazara bertaratuko da, "Dantzarako musika" izeneko kontzertuarekin. Boskotearen emanaldia 19:30etan hasiko da eta bertan izango dira baita, Aitor Furundarena (akordeoia eta ahotsa) eta Oinkari Dantza Taldeko bikote bat, gonbidatu lanetan.