BILBO. Datorren asteartean, maiatzak 25, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak antolatutako 'Osasunari eta adikzioei buruzko jardunaldia: Elkarri Laguntzeko Taldeak adikzioen errekuperazioan' izeneko jardunaldia ospatuko da Bilborock aretoan.

Hainbat aditu bilduko dira bertan eta Elkarri Laguntzeko Taldeetako (GAM) kide batzuen testigantzak jasoko dituzte. Jardunaldia profesionalei, eragindako pertsonei eta, oro har, herritarrei zuzenduta dago.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Zinegotzi Ordezkari den Yolanda Diezek gogorarazi duenez, "adikzioak dituzten pertsonei gizarteratze prozesua errazteko programak sustatzea Bilboko Udaleko Adikzioen Tokiko Planaren lehentasunetako bat da". Ildo horretan, jardunaldi honen bidez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Elkarri Laguntzeko Taldeek mendekotasuna duten pertsonak eta haien familia-ingurunea berreskuratzeko egiten duten lana aitortu eta ezagutarazi nahi du.

Ekitaldian bi hitzaldi eskainiko dira: Rodrigo Oraá Gil, Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Adikzioen Osasun Zerbitzuko Burua eta Ana Estévez Gutiérrez, Deustuko Unibertsitateko Psikologian Doktorea. Horrez gain, Bilboko Adikzioen Elkarri Laguntzeko Taldeetan errekuperatzen diren hainbat lagunek euren testigantza emango dute. Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko, Estíbaliz Pombo Labrador psikologoa arituko da.

Jardunaldia streaming bidez emango da eta bertaratzeko aukera ere izango da, 100 lagunentzako lekua bete arte. Horretarako, interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Ekitaldian covid prebentzio-neurriak jarraituko dira, jendearen eta parte-hartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Bertaratutakoei maskararekin etortzeko eskatuko zaie, eta ez joateko sintomak edo ondoeza agertuz gero edo duela gutxi (14 egun) kontaktu estuan egon badira covid-19k erasandako pertsona batekin.

Sarrera 9:15etik aurrera gauzatuko da, pixkanaka eta modu ordenatuan. Bertaratzen diren guztiei tenperatura hartuko zaie eta sukarra detektatzen bada, gelara ez sartzeko eskatuko zaio eragindako pertsonari.