BILBO. Bilbotarrek aukeratu ahal izango dituzte lehen aldiz 2022ko Parte-hartze bidezko Aurrekontuaren programarako egindako proposamenak.

Udal sailak arduratuko dira herritarrentzat interes orokor handiena duten ideien lehen hautaketa egiteaz eta ideia horien bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa ziurtatzeaz. Lehen baheketa horren ostean, irailean, epe bat irekiko da, beren botoekin, Bilboko herritarrek erabaki dezaten zein proiektuk izango duten zuzkidura ekonomikoa 2022ko udal kontuetan.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak azpimarratu duenez, berrikuntza "oso garrantzitsua" da, "bilbotarren parte-hartzea indartzea" dakarrelako: "beren ideiak eta proiektuak proposatzeaz gain, aurten beste pauso bat emango dugu eta zeintzuk garatzea nahi duten aukeratzeko aukera ere izango dute"; "herritarren ekarpena funtsezkoa da aurrera egiteko eta guztion bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak garatu ahal izateko" gaineratu du.

Aurreko ekitaldietan bezala, parte-hartze bidezko aurrekontuek 2 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa dute.

PROZESUAREN EPEAK

  • Proposamenak aurkeztea:

Proposamenak aurkezteko epea bihar, maiatzak 13, hasiko da, eta hilaren 27an amaituko, Bilbao.eus webgunean eskuragarri dagoen online inprimaki baten bidez.

Prozesu honetan parte hartu dezake Bilbon erroldatuta dagoen edonork, 16 urtetik gorakoa bada, baita udalaren Herritarren Partaidetzarako Entitateen Erregistroan inskribatutako edozein entitatek ere. Horiez gain, ordenamendu juridikoaren arabera pertsonalitate juridikoa duten elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa-elkarteek, lanbide-elkargoek, zuzenbide publikoko korporazioek edo bestelako entitateek ere parte hartu ahalko dute. Azken kasu bi horietan ere eskari-egileek Bilbon erroldatuta egon beharko dute eta 16 urtetik gorakoak izan.

Interes orokorrerako esanguratsuak diren proposamenak jaso ahal izango dira, hiri osoaren eremukoak edo barrutiaren eremukoak, eta Udalaren eskumenekoa den edozein jardun-arlori buruzkoak izan ahal dira, baina Barrutietako obrez eta hobekuntza-jardunez bestekoak lehenesten dira, zeren eta horiek baduten beren prozesu propioa eta parte hartze bidezko aurrekontu bat esleitua (Auzokide Plana).

Proposamen bakoitza eskabide bakar batean aurkeztu behar da, eta ezin dira ideia bat baino gehiago aurkeztu formulario berean. Proposamen bakoitzari identifikazio-kode bat esleituko zaio, egin duenak proposamenaren jarraipena egin dezan.

Proposamenak dakarren zenbatekoa ezingo da izan 500.000 euro baino gehiagokoa, hau da, Parte Hartze bidezko Aurrekontuaren gairako guztira izendatutako aurrekontuaren %25.

  • Proposamenak argitaratzea:

Ekainaren 28an, jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira Udalaren webgunean, salbu iraingarriak edo baztertzaileak direnak eta pertsona bakarrak igorrita berdinak direnak, baztertu egingo baitira.

Ekainaren 28an bertan eta irailera arte, udal-sailek lehentasuna emango diete teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnei eta interes orokorreko, aukerako eta udal-estrategiako irizpideei erantzuten dietenei.

  • Herri botazioa:

Irailaren 16tik 26ra, bilbotarrek botoa eman ahal izango dute Udalaren webgunean, Bilborako onenak iruditzen zaizkien proiektuen alde.

Proposamen bakoitzarekin batera, honako informazio hauek aurkeztu beharko dira: izena, deskribapena, erantsitako dokumentazioa, gutxi gorabeherako aurrekontua eta jarduketa egingo den barrutia.

Bozketan, Bilbon erroldatutako 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du, pertsona bakoitzeko boto bakarrarekin. Horretarako, inprimaki erraz bat egingo da, eta bertan identifikazio-agiria eta jaiotze-data baliozkotuko dira, erroldaren bidez. Behin baliozkotzeak eginik, nahi adina proposamen hautatu ahal izango dira, baina ezingo da gainditu parte hartze bidezko aurrekonturako ezarritako zenbatekoaren gehienezkoa (2 milioi euro).

Azkenik, boto gehien jasoko dituztenak izango dira 2022ko udal kontuetan sartuko direnak.