BILBO. Bilboko Udalak 900.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du Udaltzaingoaren ibilgailuen parkea berritzeko. Guztira, 26 ibilgailu hibrido berri eskuratuko dira, sei lotetan banatutakoak.

Hiri barruko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Itunean esaten den moduan, "tokiko gobernuek konpromisoa hartuko dutela hiri-mugikortasunaren arloan zaratazko kutsadura eta airearen kutsadura gutxitzeko xedea duten egikuneak gauzatzeko".

Zehazki, erosiko diren sei loteak honela banatzen dira:

BEREIZGARRIAK DITUZTEN IBILGAILUAK

Hamahiru ibilgailu dira, gris zilarkara kolorekoak edo antzekoak, eta 607.000 euroko aurrekontua dute izendatuta.

  • 5 ibilgailu turismo-lur orotako 4x4, uniforme-bereizgarriekin, hibridoak (gasolinazko eta elektriko berez berriz kargatzekoak).
  • 4 ibilgailu turismo uniforme-bereizgarriekin. Bost atekoak, hibridoak (gasolinazko eta elektriko berez berriz kargatzekoak).
  • 4 ibilgailu turismo uniforme-bereizgarriekin. KIU (Kirol Ibilgailu Utilitario, edo SUV, Sport Utility Vehicle) konpaktuak, bost atekoak, hibrido entxufagarriak (gasolinazkoak eta elektrikoak).

Unitate horien maletategia egokitu egingo da polizia-ekipamendu teknikoa eta lehen sorospenetako ekipamendua sartzeko eta garraiatzeko. Zehazki, zortzi atal banakako eta bereizi eduki beharko dituzte, aterki erako trafiko-seinaleak eroateko, eta beste atal bat beren-beregi desfibriladore bat eroateko.

Era berean, polizia-zubi bat eduki beharko dute, panel elektriko adimendunarekin, errepideko zirkulazioaren kudeaketa bistaratzeko; tolesgarriak izan beharko dira, eta barruko aldetik aldatzeko moduko azalpen-testuz hornitua, bai atzeko aldean, bai aurrekoan, halako moldez non bide publikoaren erabiltzaileek ikusi ahal izango duten ibilgailura aurrealdetik nahi atzealdetik hurbiltzen direnean.

POLIZIA BEREIZGARRIRIK GABEKO IBILGAILUAK

Hamahiru ibilgailu dira, gris zilarkara kolorekoak edo antzekoak, eta 315.000 euroko aurrekontua izendatu da horretarako.

  • 4 ibilgailu turismo konpaktu, hibridoak eta berez berriz kargatzekoak, prebentzio- eta zainketa-zerbitzu batzuetarako eta besteetarako.
  • 2 ibilgailu KIU konpaktuak, hibridoak eta berez berriz kargatzekoak, era bateko eta besteko zerbitzuetarako eta euskarri teknikorako.
  • 7 ibilgailu turismo konpaktu, bost atekoak, hibridoak, gasolinazkoak, elektrifikatuak 48V-eko laguntza-bateria batekin, Auzo Ikuskaritzetako era bateko eta besteko prebentzio- eta babes-zerbitzuetarako.

IBILGAILU PARKEA BERRITZEA

Ekipamendu berri jasangarriagook oraintsu eskuratutako unitateei gehituko zaizkie. Zehazki, bi moto elektriko Zero Motorcycles erakoak eskuratu berri dira, eta urian ari dira patruilatzen 2019ko abuztutik, eta halaber lau turismo Toyota Prius hibrido (gasolinazkoak eta elektrikoak), Bide Segurtasuneko Ikuskaritzari atxikiak, aurtengo otsailean eskuratuak.

Gaur egun, Bilboko Udaltzaingoak 127 ibilgailu ditu (horietatik, 109, turismoak, furgonetak eta lur orotakoak, eta beste 18, motozikletak), bereizgarriarekin errotulatuta. Horietatik, 51 ibilgailu renting sistemaren bidez eskuratu dira, eta gainerakoak udalaren jabetzakoak dira.

Flota horrek urtean batez beste 1.250.000 kilometro egiten ditu.