Asteazkenetik aurrera

Turismoari eta ehungintzari bideratutako laguntzak abiaraziko ditu Bilbok

04.05.2021 | 16:17
Emakume bat erakusleiho bateko zapatak begiratzen.

BILBO. Koronabirusaren pandemiaren krisialdiak eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Bilboko Udalak martxan jarriko ditu turismoaren eta ehungintzaren eta zapatagintzaren sektoreei bideratutako dirulaguntzak. Asteazken honetan, maiatzak 5, goizeko 10:00etan, irekiko da laguntza horiek eskatzeko epea.

Plana udal-ordezkaritza duten talde politiko guztiekin adostu da, eta, guztira, 15 milioi euro baino zertxobait gehiagoko inbertsioa egingo da. Era berean, Bilbao Ekintza udal-sozietatea arduratuko da izapide guztiak egiteaz, aipatutako webgunearen bidez. Eskabideak aurkezteko epea datozen 15 egun baliodunetan egongo da irekita, hau da, maiatzaren 25era arte.

Hiriko txikizkako merkataritzari eta, zehazki, arropa, zapata eta larruzko artikuluen sektoreei zuzendutako laguntza zuzenen poltsaren kasuan, udalak 877.000 euro bideratuko ditu, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak osatuko dira. Udalak bideratuko dituen laguntzen kopurua 1.000 eurokoa izango da 1 eta 9 enplegu arteko plantilla duten saltokientzat eta 1.500 eurokoa 10 langile baino gehiago dituztenentzat.

  • 1 eta 9 langile artean: Bilboko Udalaren 1.000 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.000 € ) = 5.000 €, guztira.
  • 10 langile edo gehiago: Bilboko Udalaren 1.500 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.500€ ) = 6.000 €, guztira.

Gaur egun, laguntza-sorta jaso ahal izango duten tipologia horretako 861 establezimendu daude Bilbon, gutxi gorabehera (EJSNren arabera).

Hauxe da aurrekontu-irismenaren kalkulua:

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: 829 saltoki X 1.000 € bakoitzak = 829.000 €, guztira.
  • 10 langile edo gehiago dituzten establezimenduak: 32 saltoki X 1.500 € bakoitzak = 48.000 €, guztira.

Turismoari zuzendutako laguntza zuzenen kasuan, udalak, guztira, 268.000 euro bideratuko ditu, eta Bilboko udalerriko turismo-sektoreko pertsona fisiko (autonomoak edo profesionalak, ondasun-erkidegoen bazkideak eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibilak) edo juridikoek, mikroenpresa edo ETE guztiek parte hartu ahal izango dute: turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak, turismo-gidariak eta bitartekaritzako turismo-enpresak.

Zenbatekoak langileen kopuruaren arabera emango dira, eta 1.000 euro, 1.250 euro edo 1.500 eurokoak izango dira. Beste mota batzuetako dirulaguntzen osagarriak izango dira.

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: 1.000,00 €.
  • 9 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: 1.250,00 €.
  • Bitartekaritzako turismo-enpresak: 1.500,00 €.

Era berean, eskabide bat aurkeztu ahal izango da lantoki edo establezimendu bakoitzeko, enpresa bakarrak bat baino gehiago izan arren. Enpresek establezimendu edo lantoki bakoitzerako eskatu ahal izango dituzte laguntzak, bakoitzari dagokion eskabidea aurkeztuta. Bitartekaritzako turismo-enpresak (bidaia-agentziak) salbuespena izango dira; izan ere, eskaera bakarra egin beharko dute enpresa osatzen duten lantoki, sukurtsal eta salmenta-toki guztietarako.

Laguntzen bi lerroak telematikoki eskatu ahal izango dira, esteka honen bidez. Horrez gain, kontsultak egiteko eta informazioa eskatzeko telefono-zenbaki hau erabili daiteke: 94.420.53.57. Edo, bestela, helbide elektroniko honetara idatzi: bilbaoaurrera@bilbaoekintza.bilbao.eus.

noticias de deia