BILBO. Ostalaritzaren sektoreari koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdi ekonomiko honetan nolabait laguntzeko asmoz, Bilboko Udalak terraza berriak eskatu ahal izateko epea ireki egin du berriro. Udalak iaz egokitu zituen zenbait neurri salbuespenezko eta aldi baterako.

Eskaera guztiak, guztira 1.093 bat, banan-banan aztertu ziren, eta azterketaren ondorioz, Espazio Publikoko Zuzendaritzak 746 baimen eman zituen.

Nola eta krisi sanitarioa, zeinaren ondorioz ezarri baitzen neurri salbuespenezko eta aldi baterako hori, ez den oraindik amaitu, Udalak berriro eman nahi die aukera ostalariei, eskaera izapidetzeko epea zabalik izan zen bitartean (2020ko maiatzaren 11tik ekainaren 26ra) aparkalekuetarako gordetako eremuan honegatik edo hargatik terrazarik ipini ezin izan zutenei. Neurri honen onura jaso dezaketen artean daude iaz eskaera epez kanpo egin zutenak ere, edo tarte honetan lokal berriak ireki dituztenak, edo titularitatea eskualdaturik eskuratu dituztenak, besteak beste.

BALDINTZAK

Ez da onartuko galtzadetan lehendik ziren terrazak handitzeko eskabiderik.

Halaber, ez da terrazarik esleituko eskatzen den eremuan lurreko seinaleak edo zutikoak daudenean eta eragotzi egiten badute (zamalanetarako zonak, minusbalidoen lurzatiak...); edo, eremu horretan, edukiontziak badaude ipinita.

Galtzadan terrazak ipintzeko eskabidea onartzekotan, espaloiak 4 metro baino gutxiago izan behar ditu.

TERRAZAK ZER EZAUGARRI IZAN BEHAR DITUEN ETA ZER ALTZARI IPINI AHAL DIREN

Terrazek kalitate estetiko jakin bat izan behar dute, horrelako instalazio batek behar dituenak. Hau da, zurezko oholtza arrastelatu bat jarri behar da, espaloiaren sestraren mailan, eta, haren gainean, ibilgailuak dabiltzan eremutik bereizteko elementu bat, gerizatzeko eta bazter-babes moduan.

Terraza horietako altzariak izango dira: mahaiak, aulkiak eta itzalkin mugikorrak, halako moldez ezarriak non bete egingo den pertsonen arteko tartea uzteko betebeharra mahai batzuetako eta besteetako aulkien artean (gutxienez 1,5 metro da tarte hori).

Mahai kopuru baimendua unitateka kontatuko da, eta ezingo dira batu bi elementu, eta itzalkinak mugikorrak izan beharko dira, bermatuz itzalkina zabalduta ez dela gainditzen terrazaren lerrokadura, hartara ez dadin galtzadan sartu inolaz ere.

ESKABIDEA ETA EPEA

Eskabideak egiteko epea gaur hasten da, eta maiatzaren 28an amaituko. Eskabideak inprimaki bat betez egingo dira, eta posta elektronikoko helbide honetara bidali beharko dira: espaciopublico.up@bilbao.eus.

Inprimakiak Udalaren webgunean egongo dira eskura, eta haueko elkarteak ere emango dituzte: Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, Bilbao Dendak, Bilbao Centrok, Alde Zaharreko denda, ostalaritza eta enpresen elkarteak eta Deustu Bizirik elkarteak.