BILBO. Gaur goizean, apirilak 30, Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako saileko zinegotzi Asier Abaunzak Itsasadarraren Ur-azalaren eta Ertzen Azterlan-analisiaren ondorioak azaldu egin ditu prentsaurreko batean.

Bertan, analisiaren garrantzia aldarrikatu du: "Ingurunea sakonki ezagutzeko modua ematen baitigu, eta urrats bat baita, zalantzarik gabe, aldez aurrekoa eta ezinbestekoa Itsasadarra gure uriaren ardatz dinamizatzaile bihurtzeko", esan du.

Abaunzarekin batera izan dira agerraldian, telematikaren bitartez, lau aditu: itsasoen eta itsasertzen ingurumen-kudeaketako bat (Javier Franco San Sebastián, AZTIkoa), ur azpiegituretako bat (Néstor Urrutxua TYPSAkoa), araudiaren arloko bat (Juan Landa, EKAIN abokatu bulegokoa) eta arkitekturako bat (Ricardo Ruiz, ABR+ Arquitectos bulegokoa). Profesional horiek azterlanean parte hartu dute, nork bere arloko ezagutzak ekarriz, arloak desberdinak baina osagarriak izanik.

José Pérez Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko Zubien eta Azpiegitura Berezien Sailataleko buruak ere parte hartu du agerraldian.

BIDE ORRIA

Udalak Itsasadarrerako duen asmoa da garapen jasangarriko proiektu bat ematea hari, eta berreskuratzea, haren luze-zabal osoan, bizimodu sozial, ekonomiazko eta kulturazkorako ardatz gisa, eta indartzea ingurumenaren aldetik jasangarria izango den aisialdi-osagai gisa. Gainera, asmoa du aurrerantzean ere haren natur oneratzea eragitea eta haren ezagutza eta ikerketa sustatzea; eta, aldi berean, leihatila bakar bat sortu nahi du harekin zerikusia duten jarduera eta proiektu guztietarako.

Xede horiek guztiak erdiesteko, ezinbestekoa da diagnostiko sakon bat izatea, azterlan honek dakarrena modukoa, bide orria ezarriko baitu, eta erakutsiko zer aukera dauden Itsasadarra aktibatzeko, betiere haren errealitatea fisikoari eta segurtasunari begiratuz eta haren biodibertsitatea zainduz, eta uneoro aintzat hartuz indarrean diren araudiak eta eskumenak, eta uriaren aisialdi-eredua.

Alde horretatik, bada, azterlanak egungo egiturak analizatzen ditu (kaiak, arrapalak, eskailerak, nasak, ibai bazterrak...), Itsasadarraren egoera fisikoa ikertzen du, eta hango natura nabarmentzen: ingurumen bizia da, eta haren oheak era bateko eta besteko zingoak, abiadurak, tenperaturak...ditu, ibilbide osoko zein gunetan neurtzen diren eta urteko zein garaitan gauden, eta itsasgoran edo itsasbeheran gauden, edo hango edo hemengo lasterretan eta abar.

Halaber, ingurumenaren analisi bat egiten du, agerian jarriz natur ingurune batez ari garela, hazten ari den landaretza eta fauna dituena, eta ezinbestean zaindu beharreko egoera ekologiko bat duena, balio pedagogiko handikoa eta ikerketarako aukera ematen duena, ikerketa sustatu beharrekoa izanik.

Eskumenei eta zuzenbideari dagokionez, azterlanean argitu egiten dira Itsasadarrari buruz indarrean diren arau guztien arteko erlazio osoa, zeintzuk diren eskumena duten erakundeak (eta bakoitzari zein eskumen dagokion), titularitateak, prozedurak, baimenak, eta, halaber, erabilera antolatzeko tresnak.

Bestalde, analisi alderaketazko bat egiten du Itsasadarra aktibatzeko aukerez, sakonki ikertuz beste lurralde batzuetan, era bateko eta besteko natur inguruneak eta araudiak izanik, zer tratamendu hautatu dituzten beren ibaiertzei eta ur azalei emateko. Erreferentziak izan nahi dira, beraz, Bilbok Itsasadarrerako, Cadaguarako eta Ibaizabalerako nahi duen eredua eraikitzeko, jakinik uneoro inguru bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta inguruak desberdinak direla.

TARTEAK BEREIZTEA

Ezagupen hain sakona eskuraturik inguruneari buruz, bidea aurkitu da Itsasadarrean tarteak bereizteko eta ibilbidean guneak zedarritzeko, zer erabilera eman nahi zaion haietako bakoitzari. Hala, bada, paseatzeko eta egoteko guneak deskribatzen ditu, natur intereseko guneak, uriaren bultzatzaile bihurtu ahal diren elementuak, ekonomia-jarduera sendotu beharreko guneak eta bateko eta besteko erabilerak bil ditzaketen guneak.

NATUR INTERESEKO GUNEAK

Hala izendatu dira Bolueta-Abusuko eta Cadagua-Zorrotzako ibaiertzak.

Gune hauetan, jagon egingo dira Itsasadarraren berezko ezaugarriak, eta edozein garapen izatekotan, haren ahalmena eta ekologiazko kalitatea zaintzeko edo hobetzeko izan beharko da. Era berean, lehentasuna emango zaio biodibertsitateari giza jardueraren aldean, eta zerbitzu ekosistemikoak bultzatzen dituzten jarduerak sustatuko dira.

Halaber, faboratu egingo da herritarrek guneak bere oneratzeko eta berreskuratzeko prozesuetan parte har dezaten, bidea irekiko zaio zientziazko ikerketari eta gune berreskuratuen erabilera eta gozamena sustatuko da, betiere bateragarriak badira ekologia-balioak zaintzearekin.

PASEATZEKO ETA EGOTEKO

Itsasadarraren ertzak, hura Bilboko uritik igarotzen den tarte osoan, paseatzeko prestatuko dira. Izan ere, Udalaren xedeetako bat da Itsasadarrean ere zabaleko aisialdi, libre eta doako bat sustatzea herritar guztientzat, hau da, Itsasadarraren ertzak modu beti seguru, jasangarri eta ingurumen-kalitatearekiko begirunezko batean antolatzea.

Horretarako, ahalegina egingo da Itsasadarraren, Ibaizabalen eta Cadagua ibaiaren arroaren luze osoan luzetarako ibilbide bat segurtatzeko, eta haietan atsedenerako eta egoteko lekuak sortzeko, lehentasuna emanez oinezkoen ibilbideei eta bizikletarekin bateragarri izateari. Zehazki, uste da Uriko bizilagunek orain baino % 20 gehiago izango dutela ibaiertzeko pasealekutan.

Paseatzeko eta egoteko leku horietan zuhaitzak eta landareak landa daitezen sustatuko da, eta orobat natur paisaiagintza; natur aisialdia bultzatuko da ibilbide osasungarrien bidez, eta diseinu erresilenteak sustatuko, edo hiriko ibaiertzetako natur diseinuak, eta egoteko lekuak.

Gainera, haiek ingurune naturazko,dinamiko eta jarraitasunezko moduan ezagutu daitezen sustatuko da.

URIAREN BULTZATZAILE

Zenbait proiektu, estrategikotzat jotzen direnak, hala nola Zorrotzaurreko hiri-hondartza, Itsasadar Digitala, Dike Lehorra jatetxe-gunea izan dadin berreskuratzea, edo aisialdiko gune bat abiaraztea Zorrotzeko Muturrean, eta beste sartzen dira Itsasadarraren Azterlan-Diagnostikoak uriaren bultzatzailetzat jotzen dituen guneetan.

Gune horiek garatu eta kudeatzean, espero da lankidetza publiko-pribatua sustatzea. Gainera, ahal den neurrian, berreskuratu egin nahi dira bertan behera utzita dauden guneak, uriko jarduera sozial, ekonomiazko eta kulturazkoetara erakarriko dituzten erabilera aldi baterako edo behin betikoen bidez. Proiektuok indartu egingo dute aisialdi jasangarriko eredua, eta bateragarri izango dira Itsasadarraren errealitate naturazko, dinamiko eta jarraituarekin, eta, aldi berean, Bilboren lehiakortasuna sustatuko dute lurraldean erreferentzia datekeen eta eragina dukeen espazio gisa.

ERABILERA ASKOTARIKOAK

Zenbait ingurune, hala nola Areatza, Martzana, San Inazioko erriberako pasealekua eta Zorrotzaurren Hegoaldeko muturrean garatzekoak diren beste batzuk, kanalaren ondoko ibaiertzeko zenbait tarte...edo Zorrotza bera sartzen dira hemen, eta, erabilera askotarikoak izan ditzaten proposatzen da. Horietan, Udalak dinamizazio orekatu bat eragin nahi du, eta ekitaldi eta jarduera sozial, kulturazko eta ekonomiazkoak baimendu nahi ditu Itsasadarraren, Ibaizabalen eta Cadagua ibaiaren arroan, betiere segurtasuna, ingurunearen ezaugarri fisikoak eta egitura- eta espazio-ezaugarriak bermatuz.

Betiere, jarduera irisgarriak izango dira, eta arreta berezia jarriko da natur ingurunearen alderako sentsibilitatea erakutsi dezaten.

GJHak ETA IBAIAN ZEHARKO MUGIKORTASUN JASANGARRIA

Itsasadarrerako zedarritu diren gune guztietarako proiektu guzti-guztiak, diren natur interesekoak, uriari eragitekoak, edo erabilera bat baino gehiago biltzen dituztenak...- lagungarri izango dira Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko, eta guneen erabilera zabala eta jardueren bateragarritasuna sustatuko dute.

Era berean, Ibaian zeharko Mugikortasuna ere jasangarria izan dadin da asmoa, eta intereseko guneak lotu ditzala.

HURRENGO URRATSAK

Itsasadarra bizimodu sozial, ekonomiazko eta kulturazkoaren ardatz moduan berreskuratzeko xede horretan, betiere natura berreskuratu eta natur izaera zaindu eta ezagutu dadin sustatuz, Bilboko Udalak hurrengo egin beharreko urrats moduan ezarri du erakunde eskudun guztien arteko akordioak eta adostasuna bilatzea.

Proiektu aktibatzaile eta transformatzaileak lehenestea, idaztea, finantzatzea eta egikaritzea ageri da orain etorkizun gertuenean egin beharreko urrats moduan, xede horren barruan.

Eta, horiek guztiak, nahiz erakunde arteko akordioa, nahiz proiektuak definitzea, Itsasadarraren Erabileren Plan Berezian zehaztuko dira.