Bilboko Udalak, arrandegietako atez ateko bilketa zerbitzuaren bidez, 350 tona arrain-hondakin jaso zituen iaz. Kopuru horretatik, 332.573 kilo Bilboko 66 arrandegietan —denak ere zerbitzuari atxikiak—, jaso ziren eta 28.092 kilo gehiago Erriberako Merkatuko 19 arrandegietatik 8tan.

Azpimarratu behar da bihartik aurrera (apirilaren 7a), Erriberako Merkatuko arrandegi guztiak -19 saltokiak-atxikiko zaizkiola Udalak eskaintzen duen zerbitzu honi.

Arrandegiek hotzetan gordetzen dituzte arrainaren azpiproduktuak -gorputz arrotzik gabe-, jaso arte degradatu ez daitezen. Langile batek arrandegiko ordutegi komertzialaren barruan eta adostutako egunetan arrandegira joan, ontzietako edukia hustu eta ontziak arrandegira itzultzen ditu.

Beste urrats bat da hondakinen tratamenduan eta birziklapenaren espezializazioan eta hobekuntzan, Bilboko Udaleko Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Sailak bere zerbitzuetan berritasun gisa sartu zuena 2019. urtearen amaieran. Bilketa horretan sartzen dira, gainera, hondakinak garraiatzea eta azken tratamendurako instalaziora eramatea.

Era berean, ekonomia zirkularraren adibide argia da, hondakinak ez baitira metatzen, ez baitute kutsatzen eta, birziklatuz gero, balorizatu egiten dira eta jarduera ekonomiko berria sortzen da. Kasu honetan, hurbileko enpresa bati eragiten dio, Mundakako BARNA enpresari, bera baita zerbitzuaren esleipenduna. Enpresa horrek arrandegietan jasotakoa berrerabiltzen du, olioak edo arrain-irinak egiteko; horrela, hondakina baliabide bihurtzen da.