Pandemian egindako lanagatik

Bilbao Dendakeko 13 elkarte omenduko ditu Mercabilbaok

23.02.2021 | 11:22
Mercabilbaok emango dituen sariak.

BILBO. Pandemian egindako lan gogorrak saria izango du Bilbao Dendak osatzen duten merkatarien 13 elkarterentzat. Mercabilbaok elkarte hauek omeenduko ditu garai zail honetan "milaka familia produktu fresko eta kalitatezkoekin elikatzen jarraitzeko egiten ari diren lanarengatik eta ahaleginarengatik".

Guztia Elikagai Unitatean diharduten handizkako enpresa guztien berme-zigiluarekin.

"Gertu erosita, urrutira iritsiko gara" lelopean, Gurutze Beitia aktoreak, kanpaina honen irudiak, diploma bat eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen gutun bat emango dio elkarte bakoitzeko ordezkari bati, hiribilduko hainbat puntu garrantzitsutan.

Horrela, indartu egingo da Mercabilbaok ematen duen babesa, eta, orain, inoiz baino gehiago, gertuko merkataritza eta ostalaritza arduratsuagoaren alde apustu egitearen garrantzia areagotuko da.

BILBAO DENDAKEKO ELKARTEAK

  • Basurtuko Merkatarien Elkartea. Basurto Berri
  • Bilbao Centro Enpresa-elkartea
  • Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartea
  • Deustuko Merkatarien Elkartea. Deusto Bizirik
  • 2. barrutiko Merkatarien Elkartea. Auzoa berritzen
  • Otxarkoagako Merkatarien Elkartea
  • Errekaldeko Merkatarien Elkartea. Errekalde Bihotzean
  • San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Merkataritza eta Enpresa Elkartea
  • San Inazioko, Elorrietako eta Ibarrekolandako Merkatarien Elkartea. Hiru Auzo
  • Santutxuko Merkatarien Elkartea
  • Txurdinagako Merkatarien Elkartea
  • Zorrotzako Merkatarien Elkartea. Laguntasuna
  • Erriberako Merkatuko Merkatarien Elkartea

AINTZATESPENAK BANATZEKO EGUNAK, ORDUAK ETA LEKUAK

Otsailak 23, asteartea

  • Bilbo Zaharra. Mariaren Bihotza plaza. 11:00etan.
  • Erriberako Merkatua. Merkatuaren ataria. 11:45ean.
  • Alde Zaharra. Plaza Barria. 12:30ean.
  • 2. barrutia. Funikular plaza. 13:15ean.
  • Santutxu. Karmelo plaza. 16:00etan.
  • Txurdinaga. Txomin Garat. 16:45ean.
  • Otxarkoaga. Kepa Enbeita plaza (Kioskoa). 17:30ean.

Otsailak 24, asteazkena

  • Bilbo Erdialdea. Indautxu plaza. 11:30ean.
  • Basurtu. Aita Donosti plaza. 12:15ean.
  • Ercilla kalea. 13:10ean.
  • Deustu. San Pedro plaza. 16:00etan.
  • Zorrotza. Azoka Plazako frontoia. 17:00etan.

Azken hilabete hauetan, arrandegiek, harategiek, frutategiek, kolmatuek, supermerkatu txikiek eta ostalaritzako establezimenduek lanean jarraitu dute atseden barik, kontsumitzaile guztientzako produkturik onenak eskaintzen jarraitzeko. Orain, inoiz baino gehiago, Mercabilbaok funtsezko eragile gisa jartzen ditu elikagaien banaketa-katean eta Bilboko eta bere gune metropolitarreko ekonomia eta gizarte sustatzaile gisa.

BILBOKO ALKATEAREN AINTZATESPENA

Alkateak gogorarazi duen bezala, "betiko ultramarino-denda, fruta-denda, arrandegi, harategi eta okindegiek, auzo bakoitzean daudenek, etxe ingurukoek, lanari ekin zenioten, herritarrentzako beharrezko zerbitzuarekin jarraitzeko. Pertsianak goian, auzokide bakoitzari eman zenioten gogoa, adeitasuna, bokazioa eta itxaropena bezain goian. Ondo baino hobeto merezi duzue omenaldi txiki hau, zuen lan eskergarengatik".

Gutun berean, Juan Mari Aburtok hau adierazi du: "2020ak, derrigorrezko konfinamendua, kale desolatuak eta ziurgabetasuna ekarri zituen pandemia horren oroitzapen ezabaezina ere utziko du. Guztiok inoiz ezagutu gabeko egoera, eta, inoiz baino gehiago, gure merkatariak edukitzearen garrantziaz jabetu ahal izan gara berriro. Hori dela eta, gure aintzatespenik handiena eman gura diegu".

BINILO BANAKETA, MERCABILBAOREN KALITATE-ZIGILU GISA

Halaber, datozen egunetan, Elikagaien Unitateko langileek alkatearen gutuna eta 250 binilo inguru banatuko dituzte Bilboko elikagai-saltokien artean, Mercabilbaok eskaintzen duen kalitate-zigilu gisa euren lokaletan jar ditzaten. Horrez gain, eskerrak emango dizkiete elikadura-zentroan diharduten handizkako enpresetan egunero jartzen duten konfiantzarengatik. Binilo bakoitzak Gurutze Beitia aktorearen argazki bat eta kanpainaren goiburu nagusia den "Gertu erosita, urrutira iritsiko gara" esaldia ditu.

Ekimen hori, 2019aren amaieran Mercabilbaok bultzatu zuen eta hiru helburu argi lortu gura zituen "Jaten duguna garelako. Gertu erosita urrutira iritsiko gara" kanpainaren barruan dago: merkataritzaren arloan belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea, elikadura osasungarria sustatzea eta elikagaien banaketaren merkatuan gauzatzen den jarduera ekonomikoari balioa ematea.

Ildo horretan, eta bere plan estrategikoarekin bat etorriz, kanpaina osoaren bidez, elikagaiak banatzeko zentroak indartu egiten du enpleguarekiko, kontsumo arduratsuarekiko, ingurumenarekiko eta elikagaiak alferrik ez xahutzeko duen gizarte-erantzukizuna. Begirada bat etorkizuneko Mercabilbaori, Hiribilduaren eta bere ingurunearen eraldaketa ekonomikoa eta soziala sustatzeko gai den zerbitzu-enpresa publikoa.