BILBO. Bilboko Udalak 604.600 euroko aurrekontua bideratuko du Txurdinagako kiroldegiko kanpoaldeko igerilekuetako jantzigelak eta komunak birmoldatzeko. Lanak gaur bertan hasi dira, otsailak 18, eta espero da maiatzaren amaieran amaitzea.
Hartara, ez zaie eragozpenik eragingo erabiltzaileei, jantzigelak eraikin nagusiari atxikitako eraikin batean baitaude, eta udan bakarrik erabiltzen baitira, kanpoaldeko igerilekuak irekita daudenean.
Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak entitatearen bidez, 604.600 euro inbertituko ditu hobekuntza-lan horietan.
Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak nabarmendu egin ditu Udalaren apustua eta inbertsio-ahalegina, Uriko udal kiroldegiko instalazioak "hobetu, berritu eta modernizatzekoa". Errotetak nabarmendu du, orobat, obra hauek garrantzitsuak direla, "zeren eta udaro milaka pertsonak erabiltzen duten gune bat baita, eta berritzea behar baitu, erabiltzaileen, familien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta eskoletako ikasleen beharrizanei egokitzeko..."
GUNE GEHIAGO, EROSOAGOAK ETA IRISGARRIAGOAK
Eremua berrantolatu egingo da, eta berritu, halako moldez non gune gehiago izango baitira, erosoagoak, funtzionalagoak eta irisgarriagoak. Lau gune berezitu izango dira: korridoreak edo ibiltzeko guneak, aldagelak – orokorrak, eskoletako ikasleenak, egokituak eta familienak–, dutxarako eta komunetarako gune bat eta gune osagarriak.
KAFETEGIKO TERRAZA
Lanen artean, orobat, aldageletako eta komunetako estalkian egin beharreko lanak daude, hau da, goiko solairuan kokatuta dagoen kafetegiko terrazan. Era horretan, asmoa da zoladura ordeztea, iragazgaiztea eta isolatzea, eta kanpoaldeko bidetik sartzeko irisgarritasuna hobetzea.
Azkenik, lan horien bidez, berritu egingo dira elektrizitatearen, argiteriaren, megafoniaren, suteen kontrako babesaren eta iturgintzaren instalazioak. Orobat, egurasteko kutxa berriak jarriko dira, egurastea hobetzeko.
Lo último |