BILBO. Krisialdi honetan pertsona behartsunen aldeko proiektuetan lan egiten ari diren gizarte-erakundeen lana goraipatu nahi izan du Bilboko Udalak. Bilboko alkate Juan Mari Aburto uriko hirugarren sektorea osatzen duten erakundeen ordezkariekin batu da gaur goizean, otsailak 18.

Deialdiaren helburua gizarte-erakundeek Bizkaiko hiriburuko pertsona ahulenen alde egiten duten eguneroko lana aitortzea zen. Alkateak eskerrak eman dizkie "osasun-krisi honetan egiten ari zareten lan handiagatik, behar handiena duten pertsonen eta uriko kolektibo behartsuenen alde hartutako konpromisoagatik - erakundeena eta bertan lan egiten duzuen pertsonena -", eta zehaztu du "Bilbon, krisiarekin eta krisirik gabe, pertsonak erdigunean" daudela.

Aburto alkatea Azkuna Zentroan egin den bilera horretara joan da, udaletako gizarte-politikak zuzentzen dituen taldearekin batera: Juan Ibarretxe eta Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Kontxi Claver zuzendaria; eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia eta Alberto Ruiz de Azua zuzendaria.

Bestalde, hainbat eremutan lan egiten duten berrogeita hamar erakunde inguruk (soziosanitarioa, immigrazioa, nazioarteko lankidetza, esku-hartze soziala, adinekoak, adingabeak eta desgaitasuna dutenak, gizarte-bazterketa eta gizarteratzea) ekitaldian parte hartu dute, eta uriko gizarte-errealitateaz duten ikuspegia azaldu dute.

Bileran jorratutako gaien artean, alkateak Administrazioaren eta Hirugarren Sektorearen arteko lankidetza estrategikoaren garrantzia gogorarazi du, "urte askotan zehar, lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako lan-eredu bat finkatzeko ahaleginak egin ditugu. Sarean lan egiteak eta sare sozial hori sortzeak egoera salbatzeko aukera ematen digu. Esan dezakegu, lotsarik gabe eta huts egiteko beldurrik gabe, beste lurralde batzuetatik kudeaketa-ereduaren erreferente gisa begiratzen diotela Euskadiri. Izan ere, Hirugarren Sektore Sozial antolatua, inplikatua eta kezkatua dugu, bizilagunei atxikita bizi dena, eta errealitatea, arazoak eta beharrak ezagutzen dituena."

Ildo horretan, Juan Mari Aburtok aliantza hori indartzeko asmoa azaldu du. Hala, Udalak konpromisoa hartu du topaketa hori urtero egiteko, Bilbori eta Gizarte Politikei buruzko esperientziak eta ikuspuntuak partekatzeko.