BILBO. Hemen da 4 eta 10 urte bitarteko umeentzat eta beraien familientzat bideratutako 'Ikusi eta ikasi' programaren edizio berri bat. Aurten, Bilboko Udalak antolatutako ekimen honen hamazazpigarren edizioa ospatuko da.

Programa gaur hasiko da, otsailaren 9an, eta ekainaren 10era arte garatuko da. Edizio berri honetan, apirilaren 27ra arte programatu diren jarduerak online izango dira, eta maiatzaren 6tik aurrera, aurrez aurrekoak izango dira, osasun egoerak aukera ematen badu, eta betiere unean-unean indarrean diren arau eta gomendioak begiratuz.

Ikusi eta ikasi Bilboko Udalaren ekimena da, Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatua. Hala, bada, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eta Maria Rivero Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak gaur goizean aurkeztu dute programa, 4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoentzat dibertsiorako aukerak eskaintzeko xedea duena, euskarazko aisialdi hezigarria sustatuz.

ONLINE SAIOAK

Programazioa gaur hasiko da online saioekin. Eskulanetako tailerrak, gorputz ariketa egitekoak edo musikakoak eskainiko dira, guztira 22, apirilaren 27ra arte. Ez dago izena eman beharrik aldez aurretik, eta webgune honetan egongo dira eskura, lehenengo emanaldia eskaini eta hiru egun geroagora arte: hartara, familiek etxetik gozatu ahal izango dituzte, ondoen datorkienean.

Saioak bi eratakoak dira: "lagun artean", 8 eta 10 urte bitarteko gazteentzat, eta "familia", 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta beren gurasoekin, neba-arrebekin eta besterekin gozatzeko daude pentsatuta.

Zuriñe Hidalgo izango da aurkezlea, eta, saioetan, programako maskota, Makusi, izango dute lagun umeek eta haien familiek.

AURREZ AURREKO SAIOAK

Maiatzaren 6tik ekainaren 10era arte, saioak aurrez aurrekoak izango dira, betiere osasun egoerak aukera ematen badu eta unean-unean indarrean dauden neurri eta gomendioak begiratuz.

12 ikuskizun daude aurreikusita, zirkuaren, magiaren edo eskulanen ingurukoak, besteak beste, eta barrutietako udaltegietan gauzatuko dira, Bilboko auzoetan; eta El Carmen ekitaldi aretoan ere bai. 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat pentsatutako jarduerak dira.

Programatutako zuzeneko ikuskizunetan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik www.ikusietaikasi.eus web-orrian, martxoaren 1a eta 8a bitartean, biak barne. Interesa duten familien artean zozketa bat egingo da, eta gura beste ikuskizunetarako eman ahal izango dute izena: hala ere, pertsona bakoitzak ikuskizun batera edo bira joan ahal izango du; hartara, ahalik eta familia gehienek parte hartu ahal izango dute.

Maiatzaren 15erako prestatuta dagoen aurrez aurreko beste jarduera bat: familiek aukera izango dute kanta bat, Ikusi eta Ikasi programaren kanta, sortzeko prozesuan parte hartzeko, eta estudio profesionaletan grabatuko da. Parte hartu ahal duen jende kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute webgune honetan, martxoaren 1etik 8ra.

"EUSKARAREN HAZIA"

4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoak dauzkaten familiek beren etxeetan jasoko dute programaren gaineko informazio liburuxka; oraingo honetan, haziekin egindako orri markatzailea bat jasoko dute programaren gaineko informazioarekin batera, "euskararen hazia" balitz bezala. Txikienek uretan eduki beharko dute gau batean, eta, ondoren, ontzi batean sartu eta lurrez estali, eta, ondo zainduz gero, landare bat izango dute handik laster.