BILBO. Datorren asteazkenean, otsailak 10, Euskalduna Jauregiak Bilboko Txistularien Bandak eskainiko duen 'Hegaldiak' izeneko kontzertua jasoko du. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta 9 obraz osatuta egongo da.

Garikoitz Mendizabal (txitu lehena eta zuzendaria), Idoia Kareaga (txistu bigarrena), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier García (atabala-perkusioa) Euskalduna Jauregiko 0D Aretoko eszenatokira itzuliko dira birigarro, zozo, enara, txantxangorri eta bestelako txorien soinua interpretatzeko.

Jardunean honakoak entzungo dira, beste batzuen artean: Jose Inazio Ansorenaren "Orhiko xoria", "Bustantxoria" fandangoa eta "Enarak", Ramón González Bastidaren "Gau txoriak", Pepe Andoainen "Txoritxoaren ihesa" polka, Luis Arambururen "Txoriak nere Baserriko sagastian", Hilario Olazaranen "Txoriak", Isidro Ansorenaren "Birigarroa" eta "Gautxoriena" eta Antonio Merceroren "Txori saltaria".

Sarrerak Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Asteazkeneko jardun honen ondoren, Txistulari Banda datorren otsailaren 17an itzuliko da Euskal Museora konpositore klasikoen melodia tradizionalaz (González Bastida, Ansorena, Onraita eta Aranburu, besteak beste) eta dantza erritmoz (fandango eta arin-arin) osatutako programarekin. Oraingo honetan, Gorka Zabaleta zuzendaria eta lehen txistua izango da.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.