Otsailaren 26ra arte

San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak 'Argazkineta' jasoko du otsailean

03.02.2021 | 15:13

BILBO. San Inazio-Ibarrekolandako udaltegia izango da 'Argazkineta' ekimenaren hurrengo geralekua. Bilbao Izan programaren barruan antolatutako eta San Inazio, Elorrieta, Sarriko eta Ibarrekolanda auzoetako dokumentu grafiko zaharrak batzen dituen ekimen hau otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa doakoa izango da, eta astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 8:30etik 20:30era.

Argazkineta auzotarrek parte hartzeko ekimena da, eta auzoen historia berreraiki eta sakondu nahi du, Bilboko auzoetako bizilagunek eman ditzaketen dokumentazioa eta testigantzak bilduz. Azken emanaldi honekin, auzokoen laguntzari esker, ia 1800 argazki eta 100 dokumentu baino gehiago digitalizatu dira (bideoak, postalak, prentsa-ebakinak, etab.), Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda eta Sarriko auzoak XX. mendean nolakoak ziren, eta auzoetako espazioen, ohituren, tradizioen, biztanleriaren eta denboraren igarotzearen eraldaketa nolakoa izan den ezagutzeko balio dutenak.

Argazkineta 2020ren laburpen-bideoa esteka honetan ikus daiteke.

ARGAZKINETA 2020

Joan den urrian furgoneta bat zirkulazioan jarri zen eta aipatutako auzoetako kale eta plazak zeharkatu zituen, argazkiak, negatiboak, diapositibak, kartelak, bonoak, postalak, prentsa-ebakinak, aldizkariak, panfletoak, mapak, bideoak edo idatzizko dokumentuak jaso eta digitalizatuz. Guztira, 50 pertsona baino gehiago hurbildu ziren furgonetara lau auzoetan, hitz egiteko, partekatzeko eta ekimenaz interesatzeko.

Furgonetan materiala eman zuten 17 herritarren testigantzak bideoz grabatu ondoren, abenduan, San Ignacio de Loyolako elizan (San Inazio) 'Argazkineta Show' egin zen, Ugaitz Alegria aktoreak aurkeztuta. Aurkezpen-ekitaldian ehun bat lagun izan ziren, eta dozena erdi bat auzokide inguruk hartu zuten parte ikuskizunean. Gainera, Txistuman San Inazioko auzokidearen laguntza berezia izan zuen, konfinamendu osoan zehar etxeko balkoian egunero egin zituen musika-emanaldiengatik nabarmendu zena.

Show osoa esteka honetan ikus daiteke.

BILBO IZAN

Ondarea zabaltzeko Bilbao Izan udal-programa duela 16 urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, oro har, historian interesa duen edonori hiriaren ondarea eta bilakaera eta gaur egun Uria osatzen duten espazioen eraikuntza denboran zehar ezagutzeko.

Esparru horretan, tokiko historiari buruzko liburuak argitaratu dira, eta auzoetan zehar bisita gidatuak antolatzen dira. Gainera, ibilbideak auto-giden bilduma batean bildu ziren; auzoen historiari buruzko hitzaldiak egin dira eta zortzi argazki erakusketa antolatu dira.

Ekimen honen bidez, herritar guztiak inplikatu nahi dira, Bilboko auzoen historia berreraikitzeko eta ezagutzeko material interesgarriak eta baliotsuak bildu eta kontserbatzeko.

#BILBAONEGUA2021

#BilbaoNegua2021 ekimenaren parte da ekimen hau. Herritar guztientzat dago pentsatuta ekimena, eta neguan beteko du hiria kulturaz eta aisiaz.