BILBO. Uriko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Bide Segurtasunari buruzko ikastaroa jasoko dute Bilboko Udaltzaingoaren partetik. Udaltzaingoak 1992tik darama Eskolan BIde Hezkuntzari Laguntzeko Programa garatzen, eta 2001-2002 ikasturteaz geroztik 77.710 haurrek hartu dute parte.

Programa 10 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Adin ezin hobea da hausnarketa sustatzeko, balioetan trebatzeko, ezagutzak emateko eta bide-segurtasunaren arloan jarrerak garatzeko.

Zehazki, honako gai hauek lantzen dira adingabeekin:

  • Arriskuaren pertzepzioa, norberarena eta besterena.
  • Jarrera seguruak oinezko, bidaiari eta gidari gisa egiten diren joan-etorrietan.
  • Bizikidetza- eta zirkulazio-arauak.
  • Eremu publikoko gainerako okupatzaileak errespetatzea.
  • Besteen eragina hautematea.
  • Asertziozko portaerak.
  • Eragin arriskutsuei aurre egiteko estrategiak.
  • Bilboko Udaltzaingoak egiten dituen zirkulazio-kanpainak.

Bai programaren egutegia bai jardueraren ordutegiak ikasturtekoak dira, irailetik ekainera bitartean, eta prestakuntza euskaraz eta gaztelaniaz ematen da.

Urtero, uriko lehen hezkuntzako ia ikastetxe guztiek hartzen dute parte. Hala ere, osasun egoerak jardueraren garapena baldintzatu du, bai joan den ikasturtean bai aurtengoan. 2020-2021 aldirako aurreikuspenen arabera, 36 ikastetxek hartuko dute parte, eta, ondorioz, 2.600 eta 2.800 haur artean.

JARDUERAREN GARAPENA

Prestakuntza-ekintzak lau ordu eta erdi irauten du, eta bi zatitan egiten da: teorikoa ikasgelan eta praktikoa Sarrikondoko pistan (Madariaga etorbidean dagoen udal-instalazioa). Gainera, eta baldintza meteorologikoek edo ikastetxeko dinamikak uzten duten guztietan, bi saioak egun berean egingo dira.

Jarduera bide-hezkuntzako autobusean hasten da, ikasleak eta irakasleak beren ikastetxeetatik pistara (eta, ondoren, pistatik ikastetxeetara) eramaten dituen garraio-zerbitzuan. Ibilbide horietan, bide-jarrera seguruak bizipen-modura lantzen dira, bai autobuseko bidaiari gisa, bai oinezko gisa.

Pistan, esperientzia praktikoa eta bizipenezkoa da nagusiki. Simulazio-tekniken eta talde-dinamiken bidez, ikasleak bide-segurtasunaren arloko hiru rol nagusitan jartzen saiatzen dira agenteak: oinezkoenean, txirrindularienean eta gidarienean.

Gelan erabiltzen den metodologia ere praktikoa, dinamikoa eta parte-hartzailea da. Irakasgaiaren eduki eta kontzeptu garrantzitsuenak lantzen dira, ahozko azalpena ikus-entzunezko baliabideen laguntzarekin eta talde-lanarekin konbinatzen dira, eta honako jarduera hauek garatzen dira:

  • Bide-jokabideei buruzko gogoeta egiteko eztabaida gidatua.
  • Jarrera seguruei buruzko talde-lana.
  • Bide-egoerei buruzko bideoak aztertzea eta konponbide posibleei buruzko gogoeta egitea.
  • Kasuak aztertzea (arriskuak eta jokabide alternatiboak detektatzea).
  • Gure jokabideen erantzukizunari eta horiek besteengan duten eraginari buruzko hausnarketa.
  • Istripuak zergatik gertatu diren aztertzea eta sailkatzea.

Lehen Hezkuntzako seigarren mailan bizikleta-gidariak bidegorritik praktikatzea eskaintzen da, Bide Hezkuntzako pistako instalazioetatik irten eta udaletxera iritsiz eta alderantziz.

BIDE-HEZKUNTZA BESTE KOLEKTIBO KALTEBERA BATZUEI

Bide-segurtasuna herritar guztien erantzukizuna da, beren mugikortasun-rol guztietan; beraz, arlo horri buruzko prestakuntza beste kolektibo batzuetara zabaldu behar da. Zaurgarritasun-irizpide bati jarraituz, Bilboko Udaltzaingoak, ikasleekin ez ezik, beste kolektibo batzuekin ere egiten ditu ahaleginak, hala nola adinekoekin eta desgaitasunen bat duten pertsonekin.

  • Adinekoak:

Harrapatuak izateko arrisku-taldea osatzen dute, eta, beraz, beharrezkoa da haien hausnarketa sustatzea eta seguruak ez diren zenbait jokabide aldatzea.

Bilboko Udaltzaingoak 2000. urtean prestakuntza ekintzaren egokitzapena egin zuen -BECeko Feria Nagusian eman zen-, Bide Segurtasuna kolektibo horretara hurbiltzeko asmoz.

Ordutik, ekintza hau uriko hainbat elkartetako 1.041 pertsonarengana iritsi da.

  • Arreta bereziko elkarteak eta zentroak:

Desgaitasunen bat duten pertsonek, zaurgarritasun-indize handiagoa izateaz gain, zailtasun handiagoak dituzte arriskuaren pertzepzioan eta arretan, eta, batzuetan, oztopo arkitektonikoei ere aurre egin behar izaten diete.

2004. urtean, Gorabide elkarteak, Bilboko Udaltzaingoak eskola-eremuan egiten zuen jarduera ezagutu zuen, eta bertan parte hartzeko eskatu zuen. Beraz, programa eta jarduerak parte-hartzaile berrien beharretara egokitu ziren, eta esperientzia pilotu bat garatu zen, non 36 pertsonak hartu baitzuten parte.

Planteatutako helburua pertsona horiei autonomia eta integrazio osoa lortzen laguntzea eta orientatzea izan zen. Oinezkoaren rola bidegurutzeetan landu zen batez ere: semaforoekin, oinezkoen pasabideekin eta agenteekin.

Lehen esperientzia horren arrakasta ikusita, programa zabalago bati ekin zitzaion, gaitasun desberdinak zituzten pertsonen beharretara egokituta (sentsorialak, fisikoak, mugitzekoak, psikikoak...), eta oso balorazio positiboak egin zituzten parte hartu zuten ikastetxeek (Gorabide, Bizkaiko Gorren Ikastetxea, Errekaldeko Hezkuntza Bereziko Heziketa Zentroa, Down Sindromearen Elkartea...).

Lehen esperientzia haietatik, arreta bereziko elkarte eta zentroetako 1.527 pertsonak parte hartu dute Udaltzaingoaren prestakuntza-programan.