BILBO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurrien aldaketa dela eta, Bilbao Kirolakek 6 eta 16 urte bitarteko adingabeei bideratutako kirol ikastaroei berrekingo die otsailaren 1etik aurrera.

Zerbitzua berriro hasiko da Eusko Jaurlaritzaren dekretua indarrean sartu eta gero. Testu horrek aukera ematen du berriro ere ekiteko eskola kirolari, eta, beraz, baita ere joan den azaroaren 16an bertan behera utzarazi ziren ikastaro hauei.

Bilbao Kirolak udal entitatea harremanetan jarriko da ikastaroetan jarduerak bertan behera utzi beharra jasan zuten parte-hartzaileen gurasoekin, plaza gorde egin baitzaie harrezkeroztik, berretsi dezaten jarraitu nahi dutela.

Ikastaroren batean plazaren bat edo batzuk hutsik geratuz gero, abonatuek aukera izango dute plaza horietakoren bat lortzeko, urtarrilaren 24tik aurrera. Abonatu gabeek, ostera, urtarrilaren 26tik aurrera.

NEURRI GEHIAGO

Bilbao Kirolak entitateak, bestalde, beste neurri batzuk ere hartu ditu atzenengo lege-testu hori dela-eta, eta, horien artean, padel, tenis, pilotaleku eta squasherako pistak atxikitzeko modua abian jartzea, hala nahi dutenek balia ditzaten, eta bizikidetza-unitate berekoak izan beharrik barik, orain arte ez bezala.

Pista horiek atxikitzeko, Bilbao Kirolak web orrira jo behar da; eta, kiroldegietan ipinita dauden STP makinen bidez egin atxikipena, bestelan.

Kirolerako aretoen gehienezko edukiera % 50 izango da, eta aldageletakoa % 30. Dutxak erabiltzeko aukera izango da, baina segurtasun tartea gorde beharko da uneoro. Bestalde, 6 eta 16 urte bitarteko adingabeentzako ikastaroen kasuan eta eskola-kirolaren kasuan, galarazita egongo da aldagelak erabiltzea, salbu eta uretako kiroletarako.

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da jarduera guzti-guztietan, igerilekuetako jardueretan izan ezik.

Bilbao Kirolak entitateak gogorarazten du, gainera, bere instalazioak aurrerantzean ere 21:00etan itxiko direla, halaz eze, aurrerantzean ere, ordu hori baino geroago amaitzen diren ikastaroak gerarazita egongo diren.