BILBO. Asteburu honetarako espero diren muturreko baldintza metereologikoak direla eta, Bilboko Udalak Elurteen Operatibo Berezia mantentzea erabaki du. Euskalmetek eskainitako aurreikuspenaren arabera, 0 eta 200 metro arteko elurra egin dezake larunbatetik aurrera.

Hain zuzen ere, bihar, larunbata, 06:00etatik 24:etara Alerta Horia egongo da indarrean, elurragatik, eta egun osoa indarrean egongo da Alerta Horia hotzagatik.

Hori dela-eta, Bilboko Udalak prest eta berehala jarduteko moduan dauka operatibo berezia: garbiketa-zerbitzuetako langileak eta hainbat ibilgailu, uriko barruti guztietan banatuta. Izotzik ez egiteko prebentzio-lanak egingo dituzte eta, behar izanez gero, kaleetan pila daitekeen elurra kenduko dute.

Iragarpenaren aurrean, Udalak baliabide material hauek dauzka:

  • Kamioiak hortzekin eta gatza zabaltzeko makinarekin.
  • Pick-up-ak hortzekin eta gatza zabaltzeko makinarekin.
  • Erraztatzeko makina hortzekin.
  • Zisterna-kamioiak, gatzuna zabaltzeko makinarekin.
  • Kamioi-garabi bat, gatzez hornitzeko.
  • 200 tona gatz.

Era berean, prebentzio-neurri modura eta izotza egonez gero, garbiketako taldeek gatza eta gatzuna zabalduko dute kalterik handiena izan dezaketen hiri-guneetan: Artxanda, Enekuri, Miraflores gaina, Zabalbide kaleko zatirik altuena Arabella parean, Zurbaranbarri eta Lezamako Trenbide Zaharraren ingurua, Otxarkoagako zatirik altuena eta hiriko auzo altuetako hainbat leku (Zazpi Landa, Altamira, Kobetamendi, Mintegitxueta, Masustegi, Uretamendi-Betolatza, Artatzu Goikoa, Pagasarri bidea, Arraizko bidea, Buia).

Operatibo honen beste lehentasun bat da hiriko bide nagusiak eta zubiak erabiltzeko moduan izatea, izotz-plakarik ez sortzeko:

  • Ospitale, anbulatorio, klinika eta osasun-zentroen ingurunetan, batez ere Basurtuko Ospitalea eta Santa Marinako Ospitalera joateko errepidea.
  • Kale Nagusia eta Sabino Arana.
  • Hurtado Amezaga, Autonomia eta Montevideo etorbidea.
  • Errekalde zumarkalea eta Salbeko zubia.
  • Elkano, Deustuko zubia eta Agirre Lehendakariaren etorbidea.
  • Zumalacarregui etorbidea eta Maurice Ravel.
  • Zabalbide.
  • Zarandoa etorbidea eta Morgan

Halaber, merkatuetara, ikastetxeetara, garraio-zerbitzuetara (BilbaoIntermodal, eta autobus, metro eta treneko geltokiak eta geralekuak), osasun-zentroetara eta ospitaletara joateko sarrerak bermatuko dira; arreta berezia izango da Santa Marina Ospitalerako errepidearekin.

Prebentzio-neurri horiek hartuko dira, baita ere, oinezkoen pasabideetan (Zubi Zuri eta Arrupe zubia), espaloietan, eskaileretan eta aireko pasabideetan.

GOMENDIOAK

Elurragatik eta hotzagatik Alerta Horia dela-eta, Bilboko Udalak honako gomendio hauek eman dizkie herritarrei:

  • Nagusiak edo gaixorik dauden pertsonak etxean geratzea elurteak eta hotz-boladak irauten duen bitartean.
  • Kalean aterperik gabeko pertsonarik ikusiz gero, Udaltzaingora deitzea (092), udal baliabide desberdinetan aterpea eskaintzeko asmoz.
  • Autoa erabili behar izanez gero, kontu handiz ibiltzea. (Autoa berrikusi: balaztak, pneumatikoak, argiak, izotz-kontrako likidoa, bujiak...; martxa laburrekin gidatu, norabidea modu bortitzean aldatu barik). Izotzik badago, ez zapaldu balazta. Hobe duzu autoak izotz-eremua berez zeharkatzea. Ihes-hodia elur barik eta desblokeatuta eduki, horrela kea ez da autoaren barrualdera sartuko.