BILBO. Bihar, abenduak 23, San Inazioko auzoan eskainiko den segurtasun tailerrak amaiera emango dio Bilboko Udalak uriko auzoetan eman dituen hamalau segurtasun tailerren zikloei.
Tailerren funtzionamendua oso positiboa izaten ari da. Izan ere, Herritarren Segurtasuneko Sailari elkarlanean aritzea ahalbidetzen dio, eta auzo bakoitzeko arazo eta berezitasunei herritarren eskutik heltzea. Hala, Ia ehun elkartek (uriko barruti guztietakoak) eratzen dute 14 tailerrak abian jartzeko asmoarekin sortutako herritarren parte hartzerako sarea.
Gainera, foro horietan, arazo horien jarraipena egiten da eta konponbide izan daitezkeenak aztertzen dira, herritarren, gizarte-eragileen, elkarteen eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanaren bitartez. Hain zuzen ere, Otxarkoagako eta Errekaldeko tailerrak, martxan jarri ziren lehenak, Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurrenagatik iaz Euskalduna Jauregian egin ziren jardunaldietan analizatu ziren, eta herritarren segurtasuneko jardunbide egokia direla ondorioztatu zen.
Tailerrak adibidea dira ikusteko nola duen Udalak hartua komunitate-polizia gertuko baten aldeko jarrera, eta, preseski, Bilboko Segurtasunaren aldeko Itunaren zutabeetako bat da auzoko poliziaren ereduan harago joatea. (Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek sinatu zuten ituna).
INFOBILBAO BEREZIA
Auzoko tailer guztiak abiarazita, Bilboko Udalak InfoBilbao berezi bat eman du argitara, foro horien jarduteko modua eta xedeak xehakatuz.
Udalaren InfoBilbao buletin-zenbaki berri honen 150.000 ale argitaratu dira guztira, eta dagoeneko hasi dira banatzen postontzietan, etxebizitzetan, barrutietako udaltegietan, eta uriko kiroldegietan eta liburutegietan.
Buletinak azaltzen du nola Tailer bakoitzaren barruan herritarren ordezkaritzako Foro Iraunkor bat eta herritar guztiei Irekitako Foro bat dauden. Eta, nola, gainera, arazo zehatzetarako lantalde bereziak sortu daitezkeen, baldin eta Udaltzaingoko aginteek hala eskatzen badute edo herritarrek eskatzen badute.
Agertzen du, gainera, Foro iraunkorrek herritarren eta Udaltzaingoaren ordezkariak dauzkatela, 10 eta 12 bitartean. Foro hori hilean behin batzartzen da normalean, eta, bilkura horietan, irekitako kasuak ebaluatzen dira, ebatzitakoak ixten, eta berriak irekitzen.
Lau hilean behin, foro ireki bat egin beharko litzateke, segurtasun-tailerraren eremuko herritar guztiak gonbidatzeko. Foro ireki horiek, ordea, bertan behera geratu dira, osasun-krisiaren ondorioz.
AUZOKO TAILERREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
Lehenengo tailerra Otxarkoagan eratu zen, eta 2018tik dago abian. Ondoren, Errekaldekoa eratu zen, 2019ko otsailean. Abian daude, halaber, San Frantziskoko tailerra (San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra), 2019ko abenduan eratu zena; Zorrotzakoa eta Abandokoa, 2020ko urtarrilean eratu zirenak, eta Zazpi Kaleetakoa (Atxuri, Iturralde, Zazpi Kaleak eta Solokoetxe), aurtengo otsailean eratua.
2020an Uribarrikoa sortu da (Castaños, Matiko, Loruri eta Uribarri auzoak), martxoaren hasieran. Eta, oraintsu, urrian, beste lau ere eratu dira: Santutxukoa (Bolueta eta Santutxu hartzen ditu), Deustukoa (San Pedro, Erribera eta Arangoiti), Indautxukoa eta Iralakoa (Iralabarri eta Ametzola).
Azkenik, joan den azaroan, San Adrian-Miribillako tailerra eta Basurtukoa eratu ziren, eta, orain, San Inaziokoa eraturik, burutzen da tailerrak abiarazteko prozesua.