BILBO. Ezagutzera eman dira dagoeneko Bilboko Udalak abiarazitako sormen eta kultura-industrien sektoreentzako dirulaguntzen deialdiko proiektu irabazleak. Udalak 300.000 euro bideratu egin ditu ekimen horretara, Bilbao Aurrera Planaren barruan.

Horrela, aurkeztutako 106 proposamenetatik, Bilboko Udalak sormen eta kultura-esparruko diziplina ezberdinetako 26 aukeratu ditu. Besteak beste, hauek nabarmendu behar ditugu: Eten Barik Joten, emakume-talde pandero-jotzaile baten ikuskizuna kalean (dokumental baten proiekzioarekin amaituko dute); Piedra de Toque musika-irratsaioa zuzeneko musikarekin, Iñaki Makazaga kazetariaren eskutik (erronka eta naturarekiko grina injektatuko die herritarrei); Pirritx, Porrotx eta Marimototsen flashmobak Yogurinha Borova-rekin batera, 6 Balore, 6 kolore, Bilbo Milakolore!, garapen jasangarriko helburuei buruzkoa; The Eko Lab moda jasangarriaren ekitaldia (Bilboko diseinatzaile berrien erakusketa, instalazio eta tailerrak izango ditu); haurrentzako Bilb(i)ko Haur Antzerki Jaialdia antzerki-jaialdia, edo Bilbotik.ra proposamena, herritarrak hiribilduko etorkizuneko espazioak irudikatzera animatuko dituzten ko-sorkuntzako tailerrak.

Bestalde, artista, performer, musikari edo sukaldariek askotariko ibilbide gidatuak egingo dituzte, hala nola Itsasadarraren proposamena, Bilbao Green ibilbideetako espazio berdeak (María Iza Andrés arkitektoarena), edo kultura-ibilbideak betiko antzara-jokoaren formatu klasikoarekin, Bilbao, de oca a oca.

Horrez gain, parte-hartzaileen eta ikusleen artean eztabaida pizteko lanak hautatu dira, esaterako: Soinuaren Bidaia Ensemble proiektua (solasaldi-eztabaida uztartuko ditu zuzeneko musikarekin); Encuentros Vis a Vis artista eta ikertzaileen artean (hiribilduko lorategietan antolatuko dira); edo Improvisaciones Ilustradas saioak, non musikari bat eta ilustratzaile bat elkarrekin arituko diren, inprobisatuz, gaur egun bereziki garrantzitsuak diren gaien eta gai globalen inguruko hausnarketak ikusleekin partekatuz.

Era berean, instalazio-proposamenak ere gehitu dira, adibidez: ¡Ilumina! Argitu! Bilboko kale hutsen argazkiak, konfinamendu-garaikoak; Kunsthal Goi-mailako Diseinu Zentroaren proposamena; Scintilliant, zeina haizearen erritmora mugitzen diren 400 ispiluren bitartez egingo den; Erriberako Soinuak proiektua (Erriberako Merkatuko eskailerak ikus-entzunezko parte hartzeko ikuskizun bihurtuko dira), edo Te he echado tanto de menos, Urbanbat-ena, etxebizitzari buruz hausnartzeko.

Hauexek dira hautaketa osatuko duten lanak: ekonomia zirkularraren sentsibilizazioa sustatzeko Biribil performancea; Gure Ahotsak, 8 eta 12 urte arteko gazteentzako zinema-tailerra; Circo para el desarrollo, Zirkozaurreko tailer parte-hartzaileak; Arte Elkarrekin, irudi eta musikaz egindako obra digital eta interaktiboa; Seis Canciones Populares, eskulturari, arkitekturari, musikari eta herritarrei buruzko elkarrizketak eta tailerrak uztartzen dituen kontzertu bat; Laboratorio de imagen y memoria de las mujeres de Otxarkoaga esperimentazio artistikoko tailer parte-hartzailea; En La Plaza-n diziplina anitzeko eta askotariko jardueren programa auzo-elkarteen eskutik; Azoka Design, tokiko diseinua duen merkatu bat musika eta dantza-ikuskizunekin; Piztu koloreak, horma kolektiboak prestatzeko, edo Artea Nonahi, tokiko eta nazioarteko artisten artelanak izango dituen aire zabaleko galeria bat, non artistekin harremanetan jartzeko aukera egongo den QR kodeen bitartez.

BALORAZIO ETA ZUZKIDURA EKONOMIKOA

Epaimahaiak egindako balorazioan, herritarrekin elkarreragiteko proiektuek lortu dute puntuaziorik altuena, bai eta honako ezaugarri hauek bete dituztenek ere: proiektuen segurtasuna, kalitatea, bideragarritasuna, berrikuntza eta ikusgarritasuna, euskararen erabilera, eskatzaileen esperientzia profesionala, hiribilduko merkataritza-jardueraren dinamizazioa eta proiektuak gaur egungo egoerarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin duen harremana.

Deialdian eman diren laguntzak 5.000, 10.000, 15.000 edo 20.000 eurokoak izan dira, aurkeztutako proiektuen arabera.

BILBAO AURRERA

Deialdi honetako 26 proiektuek bat egin dute Bilboko Udalak sustatutako beste bi poltsatan hautatutako 33 proiekturekin (kultura-proiektuen poltsa eta ikus-entzunezko sustapenerako poltsa). Guztira, 612.785 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute.

Dirulaguntza hauek Bilbao Aurrera Planaren barruan daude, eta 15 milioi euroko inbertsiorekin covid-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta gauzatu nahi da.