BILBO. Zorrotzaurreko proiektua protagonista izango da bihar, irailak 29, hasi eta ostegunera arte, urriak 1, iraungo duen Rebuild 2020 Arkitektura Aurreratuko eta 4.0 Eraikuntzako Estatuko Biltzarrean. Izen handiko ekitaldi hau Bartzelonan ospatuko da, eta antolatzaileen ustean Zorrotzaurre "Estatuan eraikuntza jasangarriko adibiderik handienetako bat" dena.

"Zorrotzaurrek -haien esanetan- plan erabateko bat ekarriko du, ingurumenarekiko begirunea duena, eta xedetzat duena eremu hura berreskuratzea eta auzo berri bat bihurtzea, non kutsatzen ez duten enpresak, etxebizitza irisgarriak eta herritarrek gozatzeko eremu zabalak kokatuko baitira, egungo Zorrotzaurre, hala, uharte jasangarri bat bihurtuz".

Izan ere, Zorrotzaurre izango da protagonista nagusietako bat asteazken goizean Rebuild 2020 biltzarrean, hainbat saio hartuko baititu, "Zorrotzaurre 360º, bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko planifikatu" goiburuarekin. Hizlarietako bat Asier Abaunza izango da, Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia, eta uhartearen antolamenduaren esparru orokorra azalduko du.

Halaber jorratuko da nola jardungo den uhartean lankidetza publiko eta pribatua baliatuz, eta ezagutzera emango da, orobat, Zorrotzaurreko higiezin-sustatzaile publiko nahiz pribatuen ikuspegia. Hizlarien artean izango dira Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendaria; Marta González Cavia, berdeguneak urbanizatzeko proiektua egin zuen arkitektoa, Carlos Quindós, VISESAren izenean, eta orobat Rubén Martínez, Neinor Homes ordezkatuz.

Halaber aztertuko dira etxebizitzen eta espazio publikoen arkitektura-proiektuak (José Aguilar arituko da, AGVAR Estudio izeneko bulegoko arkitektoa); halaber, Jauregizar sustatzaileak lehen eraikuntza-proiektuetan baliatu dituen eraikuntza material eta sistemen berri emango da.