BILBO. San Inazio auzoa izango da Bilboko auzoetatik bisita gidatuak egitea helburu duen Bilbao Izan programaren hurrengo eszenatokia. Hala, urrian zehar, San Inaziok 'Ezagutu oinez' eta 'Ezagutu familian' programak jasoko ditu.

EZAGUTU OINEZ

San Inazio ondo ezagutu eta auzoko bitxikeriak eta sekretuak ezagutu nahi dituztenek aukera izango dute modu aktiboan, oinez eta taldean egiteko, 'Ezagutu oinez' programarekin.

Padurez, baratzez eta landa-auzoz osatuta zegoen Deustuko ibar zahar inguruak eraldaketa handia izan zuen XX. mendearen erdialdean. Langile klaseari etxebizitza eskuragarriak emateko asmoz, Elorrieta eta Ibarrekolanda artean mila etxebizitza baino gehiago eraikitzeko proiektua gauzatu zen. Inguruan zeuden lur, labore eta etxe gehienak eraitsi egin zituzten eraikin berriak egiteko, eta baserri gutxi batzuek baino ez zuten bizirik iraun. Loiolako San Inazio Taldea deitu zeneko lehenengo etxebizitzak 1950ean banatu ziren, baina XX. mendearen bigarren erdialdean ere auzoak handitzen jarraitu zuen.

Auzoko kaleetan barrena, 'Ezagutu oinez' saioko partaideek beren begiz ikusi ahal izango dute bere bilakaera historikoa, kirol-talde bitxiren batena eta antzinako fabrikena, bolbora eta batelena, baita auzo berri hartan bizitzeko iritsi zen langile klasearen nondik norakoak ezagutu eta ingurua zelan eraldatu den ere.

Urriko bisitak, ordu eta erdikoak, asteartetik ostiralera 11:00etan eta 18:30ean izango dira, eta larunbatetan 10:30ean eta 12:30ean.

Ostegun arratsaldetan bisitak euskaraz izango dira. Bisitak euskaraz egin nahi duten taldeak badaude, taldearekin adostuko da bisiten eguna eta ordua.

EZAGUTU FAMILIAN

San Inaziora 'Ezagutu familian' ere iritsiko da. Aurten bigarren aldiz ospatzen da, 2019an proposamenak izan zuen harrera onaren ondoren. Aurtengo udan ere arrakasta izan du, Arangoiti, Deustu, Sarriko eta Ibarrekolanda auzoetan. Jarduera hau lau urtetik gorako haurrak dituzten familientzat diseinatuta dago.

Bisita horietan, jolasen eta ipuinen bidez, familiek San Inazio beste era batera ezagutuko dute, esplorazio-kit bati esker begirada bitxi eta sortzailea erabiliz. Zentzumenak irekita eta arretaz begiratuz, helduek eta txikiek auzoa ikuspegi berrietatik ezagutuko dute.

Bisitak ordu eta erdikoak izango dira eta urriaren 4an eta 18an (igandea) egingo dira, 12:30ean, euskaraz eta gaztelaniaz.

OSASUN ARAUAK

Bisita gidatu guztiak osasun baldintzek uzten duten guztietan egingo dira. Parte-hartzaileen osasuna eta ongizatea zaintzeko, aurten edukiera erdira jaitsi da, nahitaezko segurtasun-distantzia mantendu ahal izateko. Maskara ere nahitaez erabili beharko da.

IZENA EMATEA, ELKARGUNEA ETA NOLA IRITSI

Bisita horietan parte hartu nahi dutenek irailaren 28tik aurrera eman dezakete izena, 944 010 010 telefonoan, astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara.

  • 'Ezagutu San Inazio oinez' topagunea Lehendakari Aguirre Etorbidea, 162 izango da (Metro San Inazio: Lekeitio irteera).
  • Bisitan euria eginez gero, ibilbidea zertxobait alda liteke.
  • 'Ezagutu San Inazio familian' programan parte hartzen duenak bere gidekin topo egingo du San Inazioko liburutegian (Lehendakari Agirre etorbidea, 170).
  • Zelan heldu: Metroz: San Inazio / Bilbobusez: 10, 13, 18, 71
  • Bisitan euria eginez gero, ibilbidea zertxobait alda liteke.

BILBAO IZAN

'Ezagutu oinez' eta 'Ezagutu familian' Bilbao Izan proiektuaren barruan kokatzen dira. Bilbao Izan markaren atzean, biltzen dira Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak uriaren funtsa zabaltzeko bultzatzen dituen programa guztiak: historia, ondarea, pertsona garrantzitsuek utzitako aztarna, hirigintza, auzoen historiak, kaleen eta bazter bitxienak.

Bilbao Izan batez ere bertako herritarrentzat da, baina bisitarientzat edo gure uriaren berri zehatzagoa eduki nahi duten pertsona guztientzat ere zabalik dago.