BILBO. Koronabirusaren pandemiak kulturaren sektorean eragin dituen kalte ekonomikoak arintzeko asmoz, Bilboko Udalak dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko du martxan Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez. Horren helburua sorkuntza-proiektuak sustatzea da.

300.000 euroko aurrekontuarekin, deialdiak Bilboko sormen- eta kultura-sektoreari laguntzea du helburu, hiriaren jarduera suspertzen duten eta herritarren partaidetza modu seguru eta arduratsuan sustatzen duten proiektuak diruz lagunduz. Proiektuak espazio publikoetan garatu beharko dira eta, sormenetik, egungo testuinguruari dagozkion gaiei heldu beharko zaie, gizarte-garapenaren eta garapen jasangarriaren helburuei erantzunez. Era berean, herritarrentzako doakoak izan beharko dira guztiak.

Proiektuak honelako formatuetan kokatuta egon beharko dira: hala nola, partaidetza-proposamen artistikoak, esku-hartze grafikoak eta instalazio iragankorrak, izaera performatiboa edo informatiboa duten ibilbide gidatuak, tailerrak edo publikoarekin interakzioa sustatzen duen edozein jarduera. Horiek guztiak 2021eko martxoaren 31 baino lehen garatu beharko dira.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Proiektuak pertsona fisiko zein juridikoek sustatu ahal izango dituzte, baldin eta pertsona horiek Bilboko sormen- eta kultura-sektoreetakoak badira eta ETE, mikroETE, autonomo, elkarte edo fundazioen forma juridikoa badute. Sektore horien barruan sartzen dira arkitekturarekin, arte eszenikoekin, ikusizko arteekin, artisautzarekin, ikus-entzunezkoekin, eduki digitalekin, diseinuarekin, modarekin, musikarekin, publizitatearekin eta marketinarekin eta bideojokoekin lotutako jarduerak.

Proiektuak 20 egun naturaleko epean aurkeztu ahal izango dira, deialdi honen laburpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Dirulaguntzen deialdiari buruzko informazio guztia Bilbao Ekintza udal-sozietatearen webgunean deskargatu ahal izango da,

Proposamenak aurkezteko, Bilbao Ekintzaren webguneko 'laguntzak' atalean dagoen eskabide-eredua bete beharko da. Halaber, kontsulta eta zalantza guztiak honako helbide honetan egin ahal izango dira: sectores@bilbaoekintza.bilbao.eus

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, proiektuak baloratu eta ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira posta elektroniko bidez.

PLAN BILBAO AURRERA

Laguntzen pakete berri hau #BilbaoAurrera Planaren parte da, Gizarte, Ekonomia eta Kultura Larrialdietarako programa bat, 15 milioi eurokoa, eta covid-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta bat duena. Plan hori Bilboko Udaleko talde politiko guztien artean egin eta adostu da.