BILBO. Erretiratu berri den Aritz Adurizek izena emango dio Bilboko Udalak eta Johan Cruyff Fundazioak Otxarkoagan eraikiko duten futbol zelai berriari. Zelaiaren izena 'Cruyff Court Aritz Aduriz Bilbao' izango da zehazki.

Juan Mari Aburto alkateak eta Pati Roura Johan Cruyff Fundazioko zuzendariak sinatu dute hitzarmena gaur goizean, Arabiar Aretoan. Johan Cruyff fundazioak 270 futbol zelai baino gehiago eraiki ditu, ezaugarri horiekin, eta betiere helburu horiexekin, eta mundu osoan zehar; haietako bakoitzari, gainera, jokalari baten izena ematen dio, eraikiko den lekuarekin zerikusia duen jokalari batena, hain zuzen. Bilboren kasuan, Udalak eta Fundazioak ezagutza agertu nahi izan diote Aritz Aduriz Bilboko Athletic Club taldeko jokalari erretiratu berriari; bera ere han izan da, goizean izandako sinadura ekitaldian.

Juan Mari Aburtok era bateko eta besteko erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, horri esker gauzatu ahal direlako kirola ez ezik gazteen garapenerako funtsezkoak diren beste balio batzuk ere: "auzoko futbol-zelaiek antzina izan ohi zuten eginkizuna berreskuratu nahi dugu, baina auzoetako antzinako futbol zelaietako espiritua ere bai: neska-mutikoak elkartzeko eta haien bizikidetzarako lekuak izaten ziren-eta". Horrez gain, eskerrak agertu dizkio Johan Cruyff Fundazioari, Bilboren aldera erakutsi duen interesagatik, proiektu hau gauzatzeko hautaturik.

Alkateak, halaber, futbol zelai berria egiteko hautatutako lekua nabarmendu nahi izan du: Bilboko Otxarkoaga auzoa, alegia. Alde horretatik, Aburtok gogorarazi nahi izan du proiektu berri hau gehitu behar zaiela Imajinatu Otxarkoaga eta Ni Otxarren alde bezalako programetako lanari, "lagundu egin baitute Otxarkoaga auzo hobea izan dadin, eta orain ere laguntzen ari baitira", "auzoan gizarte kohesioa indartzeko, sortzeko eta eragiteko aukeren alde ari gara, horretarako lan egiten dugu, eta aukera guztiak baliatzen ditugu", erantsi du.

Aritz Aduriz izena aukeratu izanaz instalazioentzat, Aburtok adierazi du "ez dela halabeharrez; futbolari bati omenaldia egitearren izan da, kirol horri emandako bizitza osoarengatik, baina, batez ere, bere nortasunagatik, futbol-zelaiaren barruan nahiz kanpoan balio batzuk erakutsi dituelako, eta kirolari moduan nahiz pertsona moduan izan duen balioaren erakusgarri izan direlako".

Beste alde batetik, Johan Cruyff Fundazioko zuzendari Pati Rourak adierazi duenez, "oso pozik daude "Cruyff Court Aritz Aduriz Bilbao" proiektua gauzatzera doalako, eta oso laster Bilboko ume guztien esku izango delako". Aritz Adurizek Johan Cruyffen balio berberak ditu. Ziur nago gaur Johan oso harro egongo zatekeela".

Azkenik, Aritz Adurizek eskerrak agertu dizkie Udalari nahiz Johan Cruyff Fundazioari, kirola baino harago iristen den proiektu bat ordezkatzeko hautatu dutelako, futbola eta balioak gazteekin batzen dituen proiektu bat, eta adierazi du oso harro dagoela Johan Cruyffen ekimenagatik, Bilborengatik, Athletic-engatik eta Juan Mari Aburto alkatearengatik.

FUTBOL ZELAIAREN EZAUGARRIAK

Futbol zelai berriak 30x19 metro izango ditu, eta Otxarkoaga auzoko Lozoño kalean egongo da, hain zuzen ere, inguru hartako pilotalekuaren estalki gabeko zatian. Aire zabaleko futbol zelai hau eraikita, auzoaren eskaera bati ematen zaio erantzuna, era horretako zelai bat eskatzen baitzuten auzorako.

Futbol zelaia eraikitzeko lanak datorren astean hasiko dira, eta 4 eta 5 aste inguru iraungo dute; hala, bada, zelaia prest egongo da azarorako, aurreikuspenen arabera.

Johan Cruyff Fundazioak izango du futbol zelaia eraikitzeko eta hirigintza lizentziak ordaintzeko ardura: 140.000 eurokoa da aurrekontua. Bestalde, Bilboko Udalak hartuko du futbol zelaiaren mantentze-lanen ardura eta kirol instalazio berrian jarduerak dinamizatzekoa.