Uztailak 23

Ostegunean amaituko da parte-hartze bidezko aurrekontuetan parte hartzeko epea

21.07.2020 | 11:48
Bilboko Udalaren parte-hartze bidezko aurrekontuetarako kartela.

BILBO. Hurrengo ostegunean, hilak 23, itxi egingo da Bilboko Udaleko parte-hartze bidezko aurrekonturako proiektuak eta ekimenak aurkezteko epeak. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, proiektuak digitalki aurkeztu behar izango dira Udalaren webgunean, "Parte-hartze bidezko Aurrekontua" deritzon atalean eskuragarri dagoen inprimakia betez.

Parte-hartze bidezko Aurrekontua parte hartzeko prozesu irekia da, bilbotarrei hiriaren mesedeko proiektuak eta hobetzeko ideiak aurkezteko aukera ematen diena. Aurreko urtean bezala, Parte-hartze bidezko Aurrekontua 2 milioi euroko zuzkidura izango du 2021eko udal aurrekontuetan hautatutako proposamenak gauzatzeko.

BALDINTZAK

Prozesu honetan parte hartu dezake Bilbon erroldatuta dagoen edonork, 16 urtetik gorakoa bada, baita udalaren Herritarren Partaidetzarako Entitateen Erregistroan inskribatutako edozein entitatek ere. Horiez gain, ordenamendu juridikoaren arabera pertsonalitate juridikoa duten elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa-elkarteek, lanbide-elkargoek, zuzenbide publikoko korporazioek edo bestelako entitateek ere parte hartu ahalko dute. Azken kasu bi horietan ere eskari-egileek Bilbon erroldatuta egon beharko dute eta 16 urtetik gorakoak izan.

Proposamenek garrantzitsuak eta interes orokorrekoak izan behar dute, auzo, barruti edo uriko kolektiboren batentzat zein uri osoarentzat.

Bilboko Udaleko parte-hartze bidezko aurrekontuen prozesuan aurkezten diren proposamenak Udalaren eskumeneko zein-nahi arlotakoak izan daitezke (garapen ekonomikoa, gobernu ona, gizarte arloko politikak, kultura, euskara, gazteria, kirola, segurtasuna, mugikortasuna, ingurumena, etxebizitza, garapen osasungarria, jasangarritasun eta hiri-garapenaren arloko politikak€). Proposamenak, ahal dela, barrutiak hobetzeko obren eta jarduketen eremutik kanpokoak izan behar dira.

Pertsona edo erakunde jakinentzako dirulaguntzen, sarien, laguntzen edo kontratazioen arloko proposamenik ez da onartuko, ez eta langileen gastuen arlokorik ere.

FASEAK

Abuztuaren 17an, jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira, iraingarriak edo baztertzaileak direnak alde batera utzi ondoren.

Egun horretatik aurrera, Gobernu Batzordeak Udalaren Aurrekontuen Proiektua onartu arte, udaleko sailek proposamenen edukiak aztertuko dituzte, besteak beste, ikusmolde juridiko eta teknikotik, eta bakoitzaren kalkulu ekonomikoa egingo dute.

Proiektuek ezin izango dute 500.000 euroko zenbatekoa gainditu, herritarrek aurkeztutako proposamenetatik ahalik eta gehien gauzatu ahal izateko.

Legezkoak eta teknikoki bideragarriak diren proposamenak lehentasun-fasera pasatuko dira. Hor garrantzitsuenak aukeratuko dira, 2021eko Udal Aurrekontuen Proiektuan jasota geratzeko.

Aurrekontuen proiektuan jasota geratu diren proposamenak eta jaso barik geratu direnak udal webgunean argitaratuko dira.

noticias de deia