BILBO. Gaur goizean, hilak 21, Bilboko alkate Juan Mari Aburto buru izan duen Bilboko Udalaren espedizio batek Barrainkuan kaleko 5ean dagoen Abando-Indautxu Barrutiko Udaltegia bisitatu egin du, bertan egindako berrikuntzak ikusteko. Bisitaldian Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako Saileko zinegotzia, Asier Abaunza Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko zinegotzia eta beste zinegotzi batzuk izan dira.

Aburto alkateak azpimarratu du "birmoldaketa eta zabaltze obren ondoren Abando-Indautxuko udaltegia Bilboko ekipamendu paregabea bihurtu da, kulturgune berria eta Barrutirako gune modernoagoa, erabilgarriagoa, eraginkorragoa eta irisgarriagoa izango da."

Gainera, Aburtok nabarmendu du Udaltegi horren hobekuntzarekin "gure helburuan aurrera egingo dugu eta bilbotarrei gertuko ekipamenduak eskaintzen dizkiegu, gaur egungo beharrizanei egokitzen diren zerbitzu berriak emateko, eta era askotako zerbitzuak eskaintzeko: zerbitzu kulturalak eta aisialdikoak, zerbitzu sozialak, kiroletakoak, administratiboak, eta herritarrei informazioa eta parte-hartzeko modua emateko zerbitzuak".

ABANDO-INDAUTXUKO UDALTEGIKO BANAKETA

Birmoldaketa eta zabaltze lanak 2018ko apirilean hasi ziren eta, horiek iraun duten bitartean, Abando-Indautxuko Udaltegiak Elcano kaleko 20-22koudal instalazioetan eman ditu zerbitzuak.

Barrainkua kaleko Udaltegia prest zegoen 2020ko apirilerako baina COVID-19ak sortutako krisi sanitarioaren ondorioz ekainera atzeratu da. Oraingoz, zerbitzu administratiboak, udal jarduerak eta elkarteen bilerak baino ez dira egingo bertan. Irailean gainerako zerbitzuak eta jarduerak berriro abian jartzea aurreikusten da.

Udalak 4.286.000 euro inbertitu ditu obra horietan eta, egindako lanei esker, azalera erabilgarria bikoiztu egin da, 2.000 metro karratu izan arte. Zerbitzu nagusien banaketa hau da, solairuka:

  • 1. solairua: Areto nagusi bat atondu da. 100 pertsona sartzen dira eta biltegia eta aldagelak daude. Solairu horretan 102 metro karratuko erakusketa-areto bat dago. Azken hori altuera bikoitzean egin da eta sabaia eraikineko jatorrizko beiratea da.
  • Beheko solairua: espazio libre eta diafano handia da, eraikineko gainerako lekuetara joateko ataria. Gainera, hortxe egongo da Barrutiko Herritarrentzako Informazio zerbitzua, atezainen espazioa eta Bilbaoclick jartzeko gunea.
  • 1. solairua: Haurgune udal programa egiteko lekua dago, txikienentzako programak eta tailerrak.
  • 2. solairua: Kultura Sailaren eta Herritarren Arretako eta Partaidetzako Sailaren laneko espazioak daude; beste areto batean Blas de Otero Fundazioa egongo da.
  • 3. solairua: Jarduera fisikoa egiteko aretoa dago, gizonezkoen eta andrazkoen aldagelekin. Gainerako espazioan erabilera askotako areto bat dago. Horma mugikorren bidez, hainbat erabilera hartzeko aukera ematen du.
  • 4. solairua: Ikasteko areto bat dago, beste areto bat tailerrak egiteko eta erabilera askotako beste areto bat.
  • 5. solairua: Sarbide publikoko azken solairu horretan Barrutiko Kontseiluaren aretoa, El Sitio elkartearen gela bat eta beste bat udal tailerrak egiteko daude.
  • 6. solairua: Jendea ezin da solairu honetara sartu, eraikinaren funtzionamendurako makinak baitaude bertan.

BILBOKO BARRUTIETAKO UDALTEGIEN SAREA

Une honetan, Bilbon 25 udaltegi daude, uri osoan barreiatuak. Bakanak, tamaina eta ezaugarri askotakoak€ auzoan auzoko izaera eta ezaugarri bereziekin.

Batzuk lehen ikastetxe izandako lokaletan daude, beste batzuk ondare-balio handiko eraikinetan; horrelakoetan daude Deustuko Udaltegia (Bidarten), Basurtuko Udaltegia (Zankoetan), Castaños kaleko udaltegia eta Zazpi Kaleetakoa (La Bolsa eraikina). Abando-Indautxuko Udaltegi hau 1898an eraiki zen udal garbileku modura eta gaur egun jatorrizko fatxada eta erdiko espazioko beiratea gordetzen ditu.

Lehenengo udaltegia duela 30 urte inauguratu zen Otxarkoagan eta, harrezkero, Bilboko Udalak argi izan du Bilboko 8 barrutietan horrelako ekipamenduak jarri behar zirela Udala bera auzoetako bizilagunei hurbiltzeko, hurbileko ekipamenduen bidez.