BILBO. Gaur, hilak 13, astelehena, Zorrotzako kiroldegiko atletismo pista berritzeko lanak hasi dira. Lan hauek aurrera eramateko, Bilboko Udala,, Bilbao Kirolaken bidez, 390.000 euro baino gehiago inbertituko ditu. Lanak bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.

Lehiaketa-pistako zoladura sintetikoa eta berotze-ariketak egiteko pistako belar artifiziala aldatuko ditu, ekipamenduak hobetu - oztopoen ur-putzuak eta jauzien taulak -, zintarri berri bat jarri, eta pista berriro markatu, margotu eta seinaleztatuko ditu. Obra horiei esker, saneamendu-sarean garbiketa-lanak egin daitezke.

Atletismo-pista 2000. urtean eraiki zen, eta, ordutik, zoladurak berritu gabe zeuden. Urteen eta erabileraren poderioz, aldatu beharra dute. Udalaren helburu nagusietako bat uriko udal kirol instalazioak mantentzea eta hobetzea da, kirola pertsona guztientzako ohitura osasungarria izatea bultzatzeko, kalitatezko kirol espazioak egokituta.

ATLETISMO PISTAREN EZAUGARRIAK

Zorrotzako Kiroldegiko atletismo-pistan hiru eremu daude, bereizita:

  • Lehiaketako pista: 400 soka-metroko pista, 8 kalekoa eta zuzengunea duena, 110 m-ko lasterketetarako. Era guztietako lasterketak, jauziak -luzera, jauzi hirukoitza, altuera eta pertika- eta jaurtiketak -mailua, diskoa, xabalina eta pisua- egiteko prestatua.
  • Berotze-ariketak egiteko pista: belar artifizialekoa, footinga egiteko eta atletismoko entrenamendua egiteko.
  • Pista barruko eremua, belar naturalekoa, jaurtiketak egiteko; beste kirol batzuk egiteko aukera ematen du.

PARTE-HARTZE BIDEZKO AURREKONTUAK

Atletismo-pista berritzea da 2020ko Parte-hartze bidezko Aurrekontuen programan jasotako 10 proiektuetako bat.

Parte-hartze bidezko aurrekontuak prozesu irekia dira, non Bilboko herritarrek beren hobekuntza-ekimenak egin ditzaketen. Jasotako guztien artean, bideragarriak izanik garrantzitsuenak direnak lehenesten dira.

Bilboko Udalak, 2 milioi euro inbertitzen ditu programa honetan, udal-aurrekontutik, onartutako eta jasotako proposamenen artean lehentasun handienekotzat jotako proposamenak gauzatzeko.