BILBO. Hurrengo asteetan zehar, uztailaren 6tik abuztuaren 27ra arte konkretuki, Bilboko kaleek Kaleko Antzerki Programa osatzen duten 18 konpainiek antolatutako 64 emanaldi jasoko dituzte. Ekimen hau #BilbaoUda2020 programaren barruan dago.

Bertoko antzerki-konpainiak eta artistak dira #BilbaoUda2020ren apustua uriko barrutiak artez betetzeko eta bilbotarrek kultura onenaz betetako uda izan dezaten Bilbotik atera beharrik gabe.

Hori dela eta, ikuskizunak egiteko, auzoa izango da protagonista, auzotarrak elkartzeko elementua baita, eta artistak uria osatzen duten zortzi barrutietara joango dira, astero beren proposamenak aurkezteko. Era guztietako emanaldiak eskainiko dira, hala nola:

Kaleko antzerkia: Gag Street Boys, Goitibera, Intujai Teatro, Hortzmuga Teatroa, Trapu Zaharra eta Markeliñe.

Zirkua: Malas Compañías Zirko Taldea, The Funes Troup eta Hutsun + Ortzi.

Magia: Tor Magoa eta D'Albeniz.

Dantza: Kukai Dantza Konpainia, Natxo Montero_Danza eta Nerea Martínez + Ana Capilla.

Familientzako musika: Eidabe, Panpotx Kultura Taldea eta Trakamatraka.

Klowna: Monda Lironda Pailazoak.

Emanaldi horiek guztiak doan izango dira, leku-kopurua osatu arte, eta bi ordutegitan antolatu dira: goizez, 12:00etan, eta arratsaldez, 19:30ean.

#BILBAOUDA2020

Bilboko Udalak antolatu duen programa honetan aisialdiko eta kulturako 150 proposamen baino gehiago daude, udan egiteko. Proposamen hauek #BilbaoAurrera Udal Planaren barruan sartzen dira. Planaren helburua da, hain zuzen ere, Covid-19aren ondorioak arintzea egoerak gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Horretarako, programako proposamenak formatu txikikoak izango dira, sarrera kopurua mugatuta egongo da eta publikoa beti eserita. Era berean, #BilbaoUda2020 programako kaleko antzerkiko ikuskizun guztietan maskara erabil beharko da.