BILBO. Uztailaren hasierarekin batera, gero eta hurbilago daude uztailaren 12ko hauteskundeak. Bi aste baino gutxiago geratzen dira dagoeneko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko. Hori dela eta, Bilboko Udalak bilbotarren erosotasunerako tresna berri bat ezaguarazi du. Tresna honen bidez, bilbotarrek Udalaren webgunearen bidez kontsultatu ahal izango dute zein hauteslekutan dagokien botoa ematea.

Interneterako konexioa duen edozein gailutatik azkar eta erraz sartzeko tresna da:

  • Bilboko Udalaren webgunean sartu eta geobilbao.eus aplikaziora zuzenduko gaituen banner nabarmenean klik egin edo zuzenean azken orri horretan sartu.
  • Zabaldu menua, "bilatu elementuak" kaxaren ezkerraldean klik eginez.
  • Hauteskundeen karpetan klik egin eta 2020rako Hauteslekuak aukera hautatu.
  • Posta-helbidea sartu bilaketa-kutxan edo, mapan zuzenean, bizilekuaren kokapenaren gainean klik egin.
  • Klikatu mapan agertzen den zirkulu urdinaren gainean.

Udalak herritarren eskura jartzen du online tresna berri hau, hauteskunde-egunean nahasketak saihesteko edo, gutxienez, minimizatzeko. Izan ere, osasun-gomendioei jarraituz, Bilbok 12 hauteskunde-gune berri izango ditu -ohi baino % 25 gehiago- boto-emaileak banatzeko eta pilaketak saihesteko.

Horrela, Bilboko biztanleen % 16k bozkatu ohi ez duen leku batean emango du botoa, eta % 43k instalazio berberetan, baina ohiz kanpoko ikasgela edo eraikinetan.

Udalak gogorarazi duenez, datozen hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten 273.007 pertsonek ere kontsultatu eta egiaztatu dezakete zein hautesleku esleitu zaien oraingoan etxebizitzetara iristen den errolda-txartelean.