Zeharkaldia – Zirkuko Pirinioak europar proiektuaren bidez

Kulturaren arloko enplegua sustatzeko hiru deialdi abiarazi ditu Bilbok

27.06.2020 | 13:51
Kaleko zirkuaren ikuskizun bat.

BILBO. Bilboko Udalak kulturaren arloko enplegua sustatuko dituzten hiru deialdi abiarazi egin ditu Zeharkaldia – Zirkuko Pirinioak europar proiektuaren bidez: bat programatzaileentzat eta beste bi artistentzat, biak ere zirkuaren sektoreko profesionalentzat.

Zeharkaldia – Zirkuko Pirinioak proiektuaren helburua da zirkuko artisten enplegua sustatzea, laguntzeko metodoak eraldatuz eta gaur egungo egoeretatik sortzen diren desafio berriei erantzuteko egokituz. Horrez gain, lankidetzako sarean ezartzen ditu programaren bazkide diren mugaren alde bietako eskualdeen artean.

PROGRAMATZAILEENTZAKO DEIALDIA

Lehen deialdiak gaur egungo zirkua sustatu nahi du, sorkuntza eta hedapena, eta programaren bazkide diren mugaren alde bietako programatzaileentzat da.

Horren bidez, sorkuntza sustatzeko hainbat ekintza berritzaile garatuko dira: hackathoi bat (sorkuntza-maratoia), artistei laguntzeko ibilbideak diseinatzeko eta lanbideen arteko elkarrizketa sustatzeko; ikerketari eta sorkuntzari laguntzeko funts mutualizatua, edo programazio-sare bat, artistei lehen urratsetan laguntzeko eta programatzaileak akonpainamenduari buruz sentsibilizatzeko, besteak beste.

Hakathoia urtarrilaren 25etik 28ra egingo da La Grainerie-n (Balma-Tolosa) eta bertan aurkeztuko dira proiektuetako maketak, proiektu bakoitzari laguntzeko taldeak eratuko dira eta proiektuen azken aurkezpena egingo da. Hautatutako programatzaileek Lankidetza Funtsaren laguntza eskatu ahal izango dute, hautatutako artisten programazioan caché artistikoaren kostuaren % 50era arteko bermea lortzeko.

Deialdi horretan parte hartzeko, beste baldintza batzuen artean, Pirinioetako alde bietako lurraldetakoa izan behar da (Espainia, Frantzia eta Andorra); zirkuko programazioa edo diziplina askotako programazioa eduki behar da programazio iraunkorrean edo zirkuko ikuskizunak programatu behar dira ekitaldi berezietan, jaialdietan edo topaketa profesionaletan.

Deialdia uztailaren 15era arte egongo da zabaldik eta oinarriak eta informazioa webgune honetan egongo dira ekainaren 23tik aurrera.

EUSKAL HERRIKO BABESLETZAREN DEIALDIA ZIRKUKO ARTISTENTZAT

'Euskal Herriko babesletza' lagun egiteko programa da, eta konpainiak profesionalizatzea eta finkatzea erraztuko du eremu artistikoan, juridikoan, administratiboan eta merkatuan. Zeharkaldia – Zirkuko Pirinioak proiektuko bazkide bik zuzenduko dute, Bilboko Udalak eta Euskal Hirigune Elkargoak. Bien artean kudeatuko dute babesletza, dagoeneko finkatuta dauden konpainiei eta lehen aipatutako eremuetan espezializatuta dauden pertsonei sorkuntzarako laguntzak emanez. Bulego tekniko batek koordinatuko du lan guztia.

Programak lau konpainia aukeratuko ditu gehienez, eta horiekin lan egingo du urte eta erdian, laguntza ekonomiko eta artistikoaren bidez sortze-prozesuei lagunduz, prestakuntza zabalduz (zirkuko eta beste arte-diziplina batzuetako teknika) eta profesionalizazioan aholkatuz (juridikoa, administratiboa eta marketina), mugaren alde bietako lurraldean zabaldu daitekeen ikuskizun berri bat sortzean eskutik joateari garrantzia emanez. 'Euskal Herriko babesletzak' egonaldiak izango ditu aukeratutako konpainia bakoitzaren ikuskizunaren sorkuntzan lan egiteko, bai eta zirkuko teknikaren inguruko prestakuntza saioak ere, besteak beste.

2020ko urriko aste batean Ax Les Thermes-en eta 2021eko otsailaren beste aste batean Bilbon egingo den kaleko laborategian parte hartzeko aukera izango dute hautatutako konpainiek, bai eta Tolosako hackathoian ere urtarrilaren amaieran. Aukeratzen den konpainia bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu joan-etorrietako eta prestakuntzako gastuetarako eta sorkuntza-prozesuekin lotutako gastuetarako.

Proiektuak jasotzeko azken eguna uztailaren 26a izango da eta lotura honetan dago hautagaitzarako txostena.

Deialdian parte hartzeko ezinbestekoa da euskal lurraldean bizitzea.

SORKUNTZA PROIEKTUETARAKO DEIALDIA

Deialdi hau Ikerketari eta Sorkuntzari laguntzeko Funtsaren barruan dago eta bere helburua da artisten eta konpainien sorkuntzako baldintzak hobetzea eta Pirinioen alde bietan mugitzea erraztea.

Funts horren bidez, Zeharkaldiko bazkideek honako hauek lortu nahi dituzte: beste lurralde batzuetan lan egiteko aukera eskaintzea konpainiei, beste hedapen-sare batzuekin eta beste ikusle batzuekin ahalik eta azkarren harremanetan jar daitezen; zirku-ikuskizunak zabaltzeko eta sustatzeko aukerak handitzea sorkuntza-etapetan, proiektuaren sorreratik hasi eta hedatu arte; zirkuko konpainien ekintza-eremua zabaltzea, haien lana mugaz haraindikoa izan dadin; eta zirku-ikuskizunen sorrera sustatzea, konfigurazio desberdinetan aurkez daitezen eta atzerrira eraman daitezen.

Proiektuen deialdi honen barruan, zeharkaldiak artista edo konpainia hasi berrien proiektuei (A modalitatea) edo artista edo konpainia finkatuei (B modalitatea) emango die laguntza.

Aukeratutako artistek eta konpainiek hackathoian hartu beharko dute parte, 2021eko urtarrilaren 25etik 28ra. Topaketako eta trukerako egun horietan, zeharkaldia proiektuko sorkuntza-espazioetako ordezkarien eta programatzaileen aurrean aurkeztuko dute beren proiektua, work in progress formatuan. Aurkezpenek 15 minutu iraungo dute gehienez.

Proiektuak jasotzeko azken eguna irailaren 15a izango da eta lotura honetan dago hautagaitzarako txostena.

ZEHARKALDIA – ZIRKUKO PIRINIOAK

Zeharkaldia – Zirkuko Pirinioak lankidetza-proiektu bat da. Europar Batasunak finantzatzen du % 65ean FEDER Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren bidez eta Interreg V-A España-Francia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Ekimena zirkuko arteetarako mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren barruan kokatzen da eta zortzi bazkidek osatzen dute, Pirinioetako alde bietako entitate publiko eta pribatuak. Bazkideen artean daude unibertsitateak (Tolosako Jean Jaurés), entseatzeko eta sortzeko lekuak eta fabrikak (adibidez, La Grainerie, Central del Circ), hedapenerako espazioak, eta alor publikoko entitateak, adibidez Bilboko Udala, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku-jaialdia antolatzen dituena, besteak beste.

noticias de deia